Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Portugalek 2012rako herstura neurri gogorrak iragarri ditu
Funtzionarioei eta pentsiodunei aparteko ordainsariak kenduko zaizkiela azaldu du Portugalgo Gobernuak eta sektore pribatuan lanaldia ordu erdi luzatuko dutela.
Erredakzioa
Pedro Passos Coelho Portugalgo lehen ministroak 2012rako herstura neurri berriak iragarri ditu. Funtzionarioei eta pentsiodunei aparteko ordainsariak kenduko dizkietela iragarri du Coelhok eta sektore pribatuan lanaldia ordu erdi luzatuko dute.
Portugaldo gobernuburuak telebistan emandako hitzaldi batean azaldu ditu herstura neurri berriak. Udako eta gabonetako aparteko ordainsaria kentzeko neurria 2013a arte egongo da indarrean, 1.000 euro baino gehiagoko soldata duten funtzionarioei, enpresa publikoetako langileei eta pentsiodunei eragingo die.
Azaldu duenez sektore pribatuko opor egutegia ere berregituratuko dute ekoizpena indartzeko, hala, lanaldia ordu erdi luzatuko dute.
2012ko aurrekontuetan jaso dituzten neurri hauek, Passos Coelhok adierazi duenez, Europar Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin adostu zituzten konpromisoak betetzeko hartu behar izan dituzte, izan ere, 78.000 milioi euro utzi zizkioten Portugali.
Eurotik ateratzea "onartezina izango litzateke eta ez dut hori gertatzerik nahi", esan du Passos Coelhok. Aurreko Gobernu sozialistari, halaber, 2011ko ekainerarte aurtengo aurrekontuaren % 70 gastatu izana leporatu dio.
Agintari kontserbadoreak lurraldeak bizi duen atzeraldi gogorra nabarmendu du, aurten Barne Produktu Gordina % 1,9 eroriko dela aurreikusi du eta % 2,2 datorren urtean.