Ekonomia -
Kontrol saioa
Zabaleta: 'Erreforma fiskal gabe ez dago gizarte-sistema mantentzerik'
Aralarren arabera, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak jasotzeko baldintzak aldatzeak 3.000 pertsona laguntza barik utziko ditu, eta Ezenarrok egindako galdera bati erantzun dio horrela sailburuak.
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Lan sailburuak esan duenez, euskal gizartearen babes-sistema "ezin izango da mantendu" orain dagoen egoeran, Euskadin erreforma fiskala gauzatu arte.
Hori erantzun du Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan Aralarrek zergatik gogortu dituzten Diru Sarrera Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzak -PPk eta PSEk adostuta-, 3.000 pertsona inguru laguntzetatik kanpo utziko dituztenak, galdetu ostean.
Bi alderdiok erabaki dute Errentak jasotzeko baldintzak estutzea; horrela, hiru urte baino gutxiago Euskadiko herriren batean daramatzatenek bost urte lanean izan direla egiaztatu beharko dute laguntzak jasotzeko.
Ezenarrok ohartarazi duenez, aldaketa honekin, Legebiltzarrean onartu beharko dutena, 3.000 pertsona inguruk ezingo dute laguntza hori jaso eta lurpeko ekonomia handitzea eragingo du.
Zabaletak adierazi du gizarte-laguntzek 40 milioi euroko "defizita" eragin zutela iaz, eta 60 milioi baino gehiago aurten. Ondorengo erantzunean, Aralarreko bozeramaileak deitoratu du Eusko Jaurlaritzak "defizit bat" bezala ulertzea gizarte-laguntzak.