Ekonomia -
Enpresaburuen proposamena
20 eguneko bidegabeko kaleratzea eskatu du CEOEk
Gainera, lan-kontratu finko berrietan "12 eguneko" bidezko kaleratzea proposatu du Juan Rosell CEOEko presidenteak.
Erredakzioa
Lan-kontratu finko berrietan 20 eguneko (horietatik zortzi FOGASAk ordainduko lituzek) bidegabeko kaleratzea proposatu du gaur Juan Rosell CEOEko presidenteak. Gainera, "12 eguneko edo kalte-ordainikgabeko" bidezko kaleratzea proposatu du Rosellek.
Azaroaren 20ko hauteskunde orokorretara begira Espainiako enpresaburuen elkarteak egindako proposamen nagusia da.
Bidegabeko kaleratze batek 45 eguneko kalte-ordaina du lan-kontratu finko arrunten kasuan egun. Enplegua sustatzeko kontratuen kasuan 33 eguneko kalte-ordaina jasotzen dute langileek.
Rosellen esanetan, enpresaburuen proposamenak "borondate onarekin" egin dituzte. Besteak beste, osasun eta justizia zerbitzuen koordainketa proposatu dute enpresaburuek.
Enpresaburuen krisia gainditzeko agiri bat onartu du CEOEk zenbait proposamenekin. Defizit publikoaren murrizketa "kontrolik gabe" hazi den sektore publikoa txikituz egin behar dela uste dute enpresaburuek. Zergak igotzeko aukera erabat baztertzen du CEOEk.
Herstura gastuan aplikatu
"Sektore publikoak bere tamaina txikitu, egitura sinplifikatu eta giza baliabideak egoera berrira moldatu behar ditu", esaten du dokumentuak. Herstura gastuan aplikatu behar dela uste dute enpresaburuek.
Hala ere, murrizketek inbertsio publikoari ez eragiteko herstura gastu arruntean egitea eskatu du CEOEk. Izan ere, inbertsio publikoa gehienbat azpiegituretara bideratzen da eta horrek hazkunde ekonomikoa errazten du.
Aurrekontuetako oreka bilatzeko diru-sarreren esparrua aldatzeko beharrik ez dagoela uste dute enpresaburuek. Horrela, zerga-karga konstante mantentzea eskatu dute.
Gizarte Segurantzako kotizazioak, sozietateen gaineko zerga eta aurrezkiaren gaineko zerga "asko" murriztea eskatu du patronalak. BEZaren erreforma eskatu dute enpresaburuek, enpresek Haziendari egin beharreko ordainketa fakturak kobratu arte atzeratuz.
Bestalde, greba eskubidea arautzea nahi du CEOEk. Rosellen hitzetan, "talde batek lanuztea egin eta herria geldiaraztea onartezina da, urratzen dituen eskubideak defendatzen dituenak baino garrantzitsuagoak direlako".