Ekonomia -
Goi-bilera erabakigarria
Merkelek EBko krisia mugatzeko 'suebaki' bat sortu behar dela esan du
Euroguneko liderrak goi-bilera erabakigarria egiten ari dira. Besteak beste, erreskate-funtsa bilioi bat eurora handitzea eta Greziari zorraren % 60 inguru barkatzea aztertuko dute.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak esan duenez, euroguneko eta Europar Batasuneko liderrek arratsaldean egingo duten goi-bilera erabakigarria da, eta helburua Greziakoa bezalako kasu berriak egon ez daitezen "suebaki" bat sortzea dela azpimarratu du.
Merkelek Bruselara joan aurretik Bundestagean (Alemaniako Parlamentua) egindako adierazpenak dira. Hartzekodun pribatuek erreskatean parte hartu ahal izateko nahitaezko neurria dela azaldu du.
Alemaniako kantzilerraren agerraldia Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren zorpetzeko gaitasuna igotzeko bozketa baino lehen izan da.
Angela Merkel Alemaniako kamtzilerrak adierazi duenez, Europako Egonkortasunerako Erreskate Funtsa indartzearen "arriskua eramangarria da" eta "neurri hori baino hobeagorik ez dago", erantsi du.
"Ez litzateke ardurazkoa izango arrisku hori aurrera ez eramatea", esan du Merkelek Erreskate Funtsa handitzearen eztabaidaren inguruan.
Merkelek azaldu duenez, Alemaniaren ekarpena (211.000 eurokoa) eta zenbateko orokorra (440.000 eurokoa) ez dira handituko, baina "eragina indartzeko" hainbat formula martxan jarri daitezkeela azaldu du, uneoro Europako Banku Zentralaren parte-hartzea baztertuz.
Europaren etorkizun ekonomikorako bilera garrantzitsua egiten ari dira gaur Bruselan Europar Batasuneko estatu eta gobernuburuak. Krisiaren kontrako plana adostu eta egonkortasun funtsa zenbatekoa den zehaztu beharko dute. Greziako zorra ere mahai gainean izango dute eta gai horretan, zenbat barkatu behar zaion erabakiko dute eta % 60 izan daitekeela dabil bolo-bolo.
Europar Batasuneko gobernuburuen hitzetan, krisiaren kontrako plana adostuko dute gaur. Jatorria Grezian izan arren, Euroguneko sistema ekonomiko osoa kutsatu duen krisiari aurre egiteko plana izan nahi du.
Hasteko, Greziari agindutako aurrezte planek ez dutela emaitzarik eman onartu eta ondo prestatutako ordainketen etena adostuko dute. Alemaniak eta Herbehereek banketxeak Greziari zorraren % 60 barkatzera behartu nahi dituzte.
Horrek finantza sistema kolokan jarri ez dezan, banketxeei kapitala sendotzeko eskatuko zaie, eta horretarako birkapitalizazio plan bat adostuko dute, 100.000 milioi euro ingurukoa.
Finantza sistemaz gain, beste herrialde batzuk kutsatu ez daitezen, 440.000 milioi euroko erreskate-funtsa bilioi bat eurora arte handituko dute. Horrela, zor publikoa erosteko aukera izango lukete, eta ez luke, orain arte bezala, Europako Banku Zentralak zeregin horretan jarraitu beharko.
Eguna, dena dela, Alemaniara begira hasi behar da. Angela Merkelek Bundestagen emango ditu azalpen guztiak. Izan ere, kantzillerak ezinbesteko baldintza du Parlamentuaren oniritzia Europar Batasunean akordioa itxi aurretik.
Bileraren atariko, Finantza eta Ekonomia ministroak elkartzekoak ziren, baina ezustean bertan behera geratu zen bilera, desadostasunak medio.
Bestalde, Silvio Berlusconi Italiako presidenteak Europak eskatu dizkion azken etxeko-lanak nolabait eginda joango da gaurko bilerara. Izan ere, azken orduan erretiroa 65 urtetik 67 urtera atzeratzea adostu du gobernukide duen Liga Norterekin.