Ekonomia -
Aurrekontuak
Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza sozialak % 7 murriztea nahi du
Datorren urterako aurrekontuen lege proiektua onartu du Patxi Lopezen Exekutiboak. Aurtengo ekitaldiarekin alderatuta, murrizketa % 1ekoa izan da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak datorren urterako aurrekontuen lege proiektua onartu du asteazken honetan. Guztira, 10.449 milioi euro dira; aurtengo ekitaldiarekin alderatuta, % 1eko murrizketa eman da. Halaber, diru-laguntza sozialak % 7 murriztuko dituzte.
Gobernu Kontseiluaren ostean, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak egin dute agerraldia, 2012rako aurrekontuen lege proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Hauen esanetan, "legealdiko lege proiekturik zailenetakoa izan da".
Sail guztiek, Etxebizitzakoek eta Presidentziakoek izan ezik, murrizketak izan dituzte euren aurrekontuetan. Gainera, gastu sozialerako aurrekontu berdinari eutsiko diote 2012an, 280 milioi euro, hain zuzen ere.
Hala ere, Aguirrek iragarri duenez, diru-laguntza sozialek % 7ko murrizketa jasango dute, 2012 "urte konplikatua izango baita eta, gainera, Larrialdi Sozialeko Laguntzak eskatuko dutenen kopuruak gora egingo du".
Herrizaingo Sailari dagokionez, aurrekontuak % 6,7 egin du behera, mehatxuak jaso zituzten lagunen babesari zuzendutako aurrekontua % 56 murriztu delako.
Bermeen garapenerako errentak bakarrik ez ditu aldaketak izango. Etxebizitzarako osagarriak ere ere aldaketak jasango ditu, alokairua ordaintzera zuzendutako laguntzak, 250 euroko laguntza izango da etxebizitza bakoitzeko. Seme-alaben jaiotzagatik izandako laguntzak ere jaitsi egingo dira.
Halaber, ETAk mehatxatutako pertsonen eskolta kopurua jaistea erabaki dute, % 56an. Gaur egun aurrekontuko 81 milioi euro zuzentzen zaizkie eskoltei, 2012an, aldiz, 36 milioira jaitsiko dute zenbateko hori.