Ekonomia -
Zorraren krisia
Alemaniako Parlamentuak Merkelen krisiaren kontrako plana babestu du
503 diputatuk bozkatu dute Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa indartzeko tresna berrien alde.
Erredakzioa
Angela Merkelek Alemaniako Parlamentuaren babes zabala jaso du Bruselan Europako zorraren krisiari aurre egin ahal izateko plan orokorra negoziatzeko.
Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa handitzea bozkatu eta hilabetera, Bundestageko (Alemaniako Parlamentua) 503 diputatu funtsa indartzeko tresna berri gehiagoren alde agertu dira, 89k kontra bozkatu dute eta 4 abstenitu egin dira.
Merkelek, koalizio gobernua osatzen duten alderdien babesaz gain, oposizioko sozialdemokratena eta berdeena jaso du.
Saioaren hasieran Alemaniako kantzilerrak baieztatu duenez, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsa "optimizatzeak ekartzen duen arriskua eramangarria da eta neurri horretatik kanpo, ez dago aukera egokiagorik".
Bruselara joan baino lehen Merkelek adierazi duenez, "arrisku hori gure gain ez hartzea ez litzateke arduratsua izango".
Kantzilerrak zehaztu duenez, Alemaniak ez du funtsa honi egindako ekarpena handituko (azkena, 211.000 milioi eurokoa izan da) baina "bere eragina zabaltzeko neurri berriak ezarri" daitezkeela gaineratu du. Europako Banku Zentralaren esku hartzea, errefusatu du, ordea, Merkelek.