Ekonomia -
Zergak
Zerga bilketa % 12,4 jaitsi da urrira arte Bizkaian, 6.213,5 milioi euro bilduta
Bizkaiko Ogasunak 2019an baino 883,4 milioi euro gutxiago bildu ditu aurten, COVID-19aren pandemiak ekonomian izandako eraginagatik eta talde kaltetuenei laguntzeko hartutako neurriengatik.
EiTB.EUS
6.213,5 milioi eurokoa izan da tributu itunduengatik Bizkaian urrira arte izandako diru bilketa. Horrek esan nahi du iazko epe berean baino 883,4 milioi gutxiago jaso dituela Bizkaiak. Beraz, % 12,4 jaitsi da zerga bilketa aurten.
Aurreikusitakoaren arabera, 8141,1 milioiko diru bilketa izango du Bizkaiak 2020an, eta aurrekontu horren % 76,3 tributu itunduetatik jasoko du, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriaren 15ean egindako bileratik ateratako datuen arabera.
Alde batetik, zuzeneko zergen bidez 3.339, 5 milioi jasoko ditu; iaz baino % 7,2 gutxiago.
Bestetik, zerga ez zuzenei esker 2.404,8 milioi euro bilduko ditu; 2019an baino % 16,5 gutxiago.
Jokoaren tasetatik, isunetatik, berandutze interesetatik eta premiamendu errekarguetatik iritsitako 40,5 milioi ere jasoko ditu Bizkaiak.
Estatuarekin egindako kontuak
Urrian, Bizkaiko Ogasunak urteko hirugarren hiruhilekoari dagozkion kontuak egin zituen Estatuarekin. Hala, BEZaren bidez 591,2 milioi euro bildu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan; iaz baino % 16,5 gutxiago. Zerga berezien bitartez, berriz, 162,5 milioi euro jaso ditu; 2019an baino 19,1 milioi gehiago.