Ekonomia -
KORONABIRUSA
Bilbok 2021erako aurrekontuen proiektua onartu du, 585 milioi eurokoa
EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baliatu dute, oposizioaren gaitzespena jaso duten aurrekontuei argi berdea emateko. Udalaren helburu nagusia COVID-19aren pandemiari aurre egitea da.
EITB.EUS
EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baliatu dute Bilboko Udalean 2021eko aurrekontuei argi berdea emateko; izan ere, oposizioaren zenbait proposamen jaso arren, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren aurkako botoa jaso dute, COVID-19 pandemiaren ondorioz hiriaren beharrei aurre egiteko "nahikoak ez" direla iritzita.
Bilboko Udalak ezohiko osoko bilkura egin du astearte honetan, eta udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua eztabaidatu eta onartu du, 585,5 milioi eurokoa, iaz baino % 1,6 gehiago.
Marta Ajuria Ogasun zinegotziaren esanetan, aurrekontu hori "errealista" eta "iraunkorra" da, "Bilbok une honetan behar duena" jarduera ekonomikoa bultzatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta auzoetako inbertsioak bermatzeko.
Oposizioko taldeek kontuak itzultzeko eskatu dute, baina udal gobernuak atzera bota ditu EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak, baita aurkeztutako zuzenketa partzial gehienak ere.
Horietatik, EAJk eta PSE-EEk 932.000 euroko 24 zuzenketa onartu dituzte, iaz baino % 19 gehiago.
Marta Ajuriak gogorarazi duenez, aurrekontu berriak 39,5 milioi euro bideratu ditu auzoetan jarduerak egiteko, udal inbertsio publikoak 84,1 milioi euro ditu eta 266 milioi euro oinarrizko zerbitzu publikoetara bideratuko dira. Horri aurre egiteko, udal soberakinekin 23,3 milioi euroko kreditu operazioa egitea aurreikusten da 2021eko ekitaldia zorrik gabe ixteko.
Ogasun zinegotziaren hitzetan, Bilbao Aurrera plana landuko dute, pandemiak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko neurriak bideratzeko.