Ekonomia -
Greziako krisia
Lehen ministro berria izendatzeko negoziazioetan murgildu dira Grezian
Pasok alderdi sozialista eta Demokrazia Berria kontserbadorea bilduta daude batasun nazionaleko gobernua nortzuk osatuko duten erabakitzeko.
Erredakzioa
Greziako alderdi nagusiak, Pasok sozialista eta Demokrazia Berria kontseradorea, negoziazioetan murgilduta daude gaur batasun nazionaleko gobernua nortzuk osatuko duten eta lehen ministroa nor izango den adosteko.
Yorgos Papandreu lehen ministroak premiazko bilera deitu du gaurko ministroen kontseiluarekin 12:00etan, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.
Bi alderdi nagusiek lehen ministroaren inguruan eta trantsizio gobernuaren programaren, iraupenaren eta osaeraren inguruan adostasunera iristen direnean emango du dimisioa Papandreuk.
Hala ere, negoziazioetan zailtasunak dira nagusi, bi alderdietako iturrien arabera.
Demokrazia Berriak oraindik ez daki Gobernuan sartu nahi duen ala ez, izan ere, nazioartearen laguntza jasotzeko murrizketa neurri zorrotzak hartu beharko ditu eta kontserbadoreak ez daude neurri horiekin ados.
Eurotaldeak bilera egin zuen atzo Bruselan, eta Greziako Gobernu berriari murrizketa neurrien egutegi bat izenpetzeko eskatzen dio. Bestela, ez diote 8.000 milioi euroko kreditua emango porrota saihesteko.
Bestalde, Lucas Papademos Europako Banku Zentralaren presidenteorde ohia lehen ministro izateko aukerak ere zalantzan jartzen ari dira, ekonomialariak iraupen luzeagoko gobernua nahi duelako, ez otsailaren 19a artekoa bakarrik, eta bi alderdietako ordezkariak nahi ditu ministroen kontseiluan.
Hori dela eta, prentsa greziarrean Panagiotis Rumeliotis Greziak Nazioarteko Diru Funtsean duen ordezkariaren eta Nikoforos Diamanduros Europako Herriaren Defendatzailearen izenak agertu dira.