Ekonomia -
Fiskalitatea
ELA mobilizatuko da Aldundien 'politika neoliberala'k bultzatuta
Sindikatuak Bizkaiko Aldundiari "eztabaida soziala hondatzea" eta Gipuzkoakoari "berdinari eustea" leporatu dizkie. Gainera, Arabako Aldundiari "murrizketak proposatzea" egotzi dio.
Erredakzioa
Fiskalitate alorrean euskal hiru Aldundiek "politika neoliberala" aldatzeari uko egin ostean, ELA sindikatuak mobilizazioak iragarri ditu. Sindikatu abertzaleak haren proposamenak eskaini zizkien baina Aldundiek ez zuten oniritzia eman.
Bilbon izandako prentsaurreko batean Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren laguntzailea, Mikel Noval alor sozialeko arduraduna eta Idoia Intxaurbe bulego teknikoa izan dira, Aldundiko buruzagiekin izandako bileren emaitzaren berri emateko. Muñoak azaldu duenez, bilera sorta "etsigarria" izan da Aldundiek ez dutelako nahi egungo "politika neoliberala" aldatu.
ELAk azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak "eztabaida soziala zapuztu nahi du". Arabako Aldundiari dagokionez, "ez du partehartze sozial eta sindikala sustatzeko asmorik eta gainera, murrizketa berriak eramango dituzte aurrera". Gipuzkoako Foru Aldundiaren kasuan, "argi eta garbi ez da nahikoa erakutsi duen jarrera eta ELAk proposatukotik oso urrun dago". "Ez da ezta hurbiltzen ere egiten sindikatu abertzaleek eskatutakoari", azpimarratu dute.
Aldundiek "murrizketen" alde egitea salatu du Muñoak. Honen esanetan, Aldundiak helarazitako mezuen artean "ez dago desberdintasun handirik". "Hirurek esan digute ez dagoela dirurik eta murrizketei ekin behar dietela", adierazi du ELAk. "Krisiak eragindako larrialdi sozialari erantzuna emateko ez dago erantzunik Aldundien partetik", gaineratu du.