Ekonomia -
Proposamena
'Bi abiadurako' eurogunea sortzea baztertu du Europar Batzordeak
Herrialde guztien "bateratze ekonomikoa" irtenbiderik zentzudunena dela esan du Europak, eta Merkelen eta Sarkozyren proposamena baztertu du.
Erredakzioa
'Bi abiadurako' eurogunea sortzeko proposamena bertan behera utzi du gaur Europar Batzordeak. Frantziak eta Alemaniak proposatuta, ekonomiarik sendoena duten herriek gidatutako eurogunea sortzea baztertu du Europak, herri guztiek "elkarrekin aurrera egin dezaten".
"Eurogunean ez dugu banaketarik onartuko, nahiz eta euroguneak bateratze sakonago baten alde egin", azpimarratu du Pia Ahrenkilde Europar Batasuneko bozeramaileak.
"Europako etorkizunari buruz dagoen eztabaidaz kontziente gara, baita Europar Batasunak eta euroguneak aurrera egiteko beharko duten abiaduraz ere", azaldu du Ahrenkildek.
Hala ere, herrialde guztien "bateratze ekonomikoa" irtenbiderik zentzudunena dela gaineratu du, eta Merkelen eta Sarkozyren proposamena baztertu.