Ekonomia -
Finantza Krisia
Europar Batasuna estatuen aurrekontuetan esku hartzea aztertzen ari da
Halaber, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak hitzartutako doitzeak betetzen ez dituzten herrialdeei boto eskubidea kentzea proposatu du.
Erredakzioa
Europar Batasuna bere boterea indartzea aztertzen ari da, besteak beste, Estatu kideen aurrekontuetan esku hartu ahal izateko, murrizketak betetzen ez dituzten herrialdeei boto eskubidea kentzeko, eurobonoak sortzeko eta zorraren krisiari aurre egiteko beste hainbat neurri bideratzeko.
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Parlamentuaren aurrean proposatu dituen neurriak dira horiek, eta horiek aurrera eraman ahal izateko Europar Batasunaren boterea indartzea aztertzen ari dira.
Van Rompuyk eurogunea indartzeko proposamenen lehen zirriborroa abenduan Europako liderrek egingo duten goi-bileran aurkeztuko duela azaldu du. Bere helburua, neurri horiek 2012ko martxoan edo ekainean behin betiko onartzea da, aurrera eraman ahal izateko, ordea, Itunaren erreforma egitea beharrezkoa izango da ziurrenik.
Alemaniak neurriak betetzen ez dituzten herrialdeei isunak indartu ahal izateko Itunaren balizko erreforma babesten du. Baina Angela Merkel kantzilerrak aste honetan eurobonoen sorrerari bizkarra eman dio, izan ere, Berlin tresna honek bere finantza kostua areagotu eta erreformak egiteko zailtasunak dituzten herrialdeen gaineko presioa murriztuko duen beldur da.
Van Rompuyk Parlamentuan azaldu duenez, hiru xede nagusi izango ditu: euroguneko herrialdeen konbergentzia ekonomikoa indartzea, disciplina fiskala hobetzea eta batasun ekonomikoa sendotzea.
Diziplina fiskalari dagokionez, Europako Kontseiluko presidenteak azaldu du "neurrigabeko zorraren inguruan aurreikusitako isunetatik haratago joan behar ote den" edo "muturreko kasuetan boto eskubidea kentzea eta egiturazko funtsaren edo beste ordainketa batzuen etendura" ezartzea aztertzen ari direla.
Durao Barroso: "Arraroa da txiroagoei laguntza eskatzea"
Eztabaidan, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak aitortu du "arraroa" dela Europar Batasunak herrialde azaleratu berri "txiroagoei" euroguneko herrialdeak erreskatatzen laguntzea eskatzea. Halaber, arazoak dituzten Estatuei zergak igotzea eta iruzurraren aurkako borroka hobetzea iradoki die.
Eurotaldeak 440.000 milioi euroko erreskate funtsa indartu nahi du, herrialde azaleratu berriei (Txina, kasu) laguntza eskatuta, baina orain arte ez du ezer lortu.
"Estatu kideek biltzen dutena baino gehiago gastatzen dute, eta gastua ezin bada gehiago murriztu, diru-sarrerak handitu egin behar dira, ezinbestekoa da", nabarmendu du Batzordeko presidenteak.
Greziako erreskatea
Bere aldetik, Jean-Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak azaldu du euroguneko 17 herrialdeek hilabetea bukatu baino lehen erabakiko dutela Greziako erreskatearen seigarren tartea (8.000 milioi euro) desblokeatu edo ez.
Agerraldian, Junckerrek esan du lehenik eta behin aztertu egin beharko dituztela Greziak proposatutako neurriak.
Erreskatearen seigarren tartea desblokeatzeko, Greziako Gobernu berriak hainbat konpromiso bidali beharko dizkie, idatziz, euroguneko estatu kideei.
Krisia hedatzen ari da
Testuinguru honetan, espekulatzaileek areagotu egin dituzte presioak, herrialde bideragarrienen aurka ere, eta haien arrisku sariek marka historikoak gainditu dituzte.
Zor publikoaren krisia Frantziara, Austriara eta Belgikara hedatu da, eta dagoeneko euroguneko 17 herrialdeetako 12ri eragin die.
Merkatuak Italiarekin eta Espainiarekin tematuta daude batik bat, baina Belgika, Frantzia, Austria, Herbehereak eta Finlandia ere kolpatzen hasi dira. Azken bi horiek, baina, neurri txikiagoan oraingoz.