Ekonomia -
ICCATekin bilera
Hegaluzearen eta atungorriaren kuotetan, aldaketarik ez
Akordioek "esparru egonkorra bermatzen dute" euskal arrantzaleentzat. Sektorean 70 ontzi daude hegaluzea arrantzatzen, 41 atungorria eta 10 ontzi-izozkailu daude Tropikoan.
Erredakzioa
Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordea eta Jokin Diaz Arrantza eta Akuikultura zuzendaria Istanbulen izan dira, Atlantikoko Hegaluzearen Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordearen (ICCAT) bileran. Bertan bildutakoek hegaluzearen eta atungorriaren kuotak ez aldatzea erabaki dute.
Azkuerentzat bileraren emaitza "positiboa" izan da, ICCATen batzordeak ondo hartu baititu Eusko Jaurlaritzak iraunkortasunaren inguruan Europar Batasunari egindako proposamenak.
Euskal arrantzaleek harrapatzen dituzten espeziei dagokienez (hegaluzea, atungorria eta tunido tropikalak), ICCATeko bilerako akordioek "esparru egonkorra bermatzen dute" euskal flotarentzat: Sektorean 70 ontzi daude hegaluzea arrantzatzen, 41 atungorria eta 10 ontzi-izozkailu daude Tropikoan.
Kuotak
Tunido tropikalen kuota 110.000 tonakoa da buztan luzearen kasuan, 85.000 tonakoa atun mojarenean eta 170.000 tonakoa atuntxikiarenean. Era berean, esparru mugatu batean debekualdia jartzeko proiektu pilotu bat martxan jartzea adostu dute. Proiektu hori abian egongo da urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra, eta objektu flotatzaileetako arrantzari eragingo dio.
Hegaluzeari dagokionez, 2012an Urteko Harrapaketa Kopurua (TAC) 28.000 tonatan jarraituko du. Horrek, Azkueren arabera, "espezie horiek artisau eran harrapatzen dituen euskal flotaren harrapaketak bermatzen ditu".