Ekonomia -

Osasun-krisia

EAEko turismo-enpresek 20.000 eurorainoko laguntza zuzenak izango dituzte

2021erako turismoaren sostengu planak 17,7 milioi euroko laguntza zuzena eta sustapenerako eta dinamizaziorako 3 milioi euro izango ditu.

Familia bat, maletak eskuan, bidaian. Artxiboko argazkia: EFE.
Familia bat, maletak eskuan, bidaian.
Familia bat, maletak eskuan, bidaian. Artxiboko argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak zuzeneko laguntzak emango dizkie turismo-enpresei, 6.000 eurotik hasi, hiru langile dituzten negozioen kasuan, eta 15.000 eurora bitartekoak, 50 langiletik gora dituzten negozioen kasuan; bidaia-agentzien kasuan, berriz, zenbatekoa 20.000ra igoko da.

Gobernu Kontseiluak 2021erako EAEko turismoari eusteko plana onartu du astearte honetan: 17,7 milioi euro laguntza zuzenetan (baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzungo zaie) eta 3 milioi euro sustapen eta dinamizazioari bideratuta.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu Kontseiluaren ostean, eta bere saila lanean ari dela iragarri du, pandemiak gehien kaltetu dituen merkataritza-sektoreei laguntzeko plan bat eta ostalaritzari laguntzeko programa berri bat sortzeko.

Gogorarazi duenez, iaz 70 milioi euro bideratu ziren turismoa, ostalaritza eta merkataritza laguntzeko planera, eta horietatik ia 45 milioi ostalarientzako izan ziren. Laguntza zuzenak jasotzeko 9.850 eskaera aurkeztu zituzten ostalariek, eta "erdiak baino gehiago" dagoeneko onartu dituzte eta kobratzen ari dira.

Orain "haratago joan" behar da, eta merkataritzari eta turismoari lagundu, azken sektore horri mugikortasun mugek eta konfinamendu perimetralek "bereziki" eragin baitiote, Hurtadok azaldu duenez.

Gaur aurkeztutako planak 21 milioi euro ditu oraingoz. "Osasun-krisiaren eragin ekonomikoa minimizatzea" du helburu eta hiru ardatz ditu: 17,3 milioi euro laguntza zuzenetan, 3 milioi euro sustapenerako eta dinamizaziorako, eta ikuskapen-lana birbideratzea, "sektoreak gehien eskatzen dituen jardunbide irregularrak zaintzeko".

Zuzeneko laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde batzuenekin, eta baldintzak betetzen dituzten sektoreko autonomo, mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertain guztiei emango zaizkie, hala nola ostatu-establezimenduei, bidaia-agentziei, turismo-garraioko enpresei, turismo aktiboko enpresei eta biltzarren edo turismo-giden antolatzaileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bidaiak Koronabirusa