Ekonomia -
Artur Masen hitzetan
Soldaten murrizketak, zerga gehiago eta koordainketa, Katalunian
Artur Masen hitzetan, defizitari aurre egiteko, "sakrifizio" gehiago beharko dira, "murrizketa gogorrak" eginez.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak Europar Batasunak Kataluniari 2012rako jarritako helburuak betetzeko plana jakitera eman du gaur. Defizita gehienez ere Barne Produktu Gordinaren % 1,3an utzi beharko du, eta, helburu hori lortzeko, funtzionarioen soldatak murriztea, zergak handitzea eta zenbait alorretan koordainketa bideratzea iragarri ditu, zerbitzu publikoetan murrizketa gehiago egin beharrik ez izateko.
Igandeko hauteskundeetatik oraindik 48 ordu igaro ez direnean, Gobernuaren bilera aprobetxatu du gaur Masek ustekabeko iragarpena egiteko: Kataluniak "etxeko lanak" egiteko, "sakrifizio" gehiago beharko dira, "murrizketa gogorrak" eginez.
Generalitateko langileei soldata murriztuko diete, goi-kargudunek aparteko ordainsari bakarra jasoko dute datorren urtean, uraren, garraio publikoaren, unibertsitateko matrikulen eta gasolinaren gaineko zergak igoko dituzte, eta botiken errezetetan zerga txiki bat ezarriko dute. Kataluniako Gobernuak abian jarriko dituen neurrietako batzuk horiek dira.
Masek argibideak eman dizkio Joana Ortega Kataluniako presidenteordeari eta Andreu Mas-Colell Ekonomia kontseilariari gustukoak ez diren neurri horiek abian jartzeko. Neurriok 2012ko aurrekontuetan agertuko dira, eta abenduan ezagutzera emango dira zehatz.
Kataluniak 8.400 milioi euroko defizita dauka. Hori dela eta, 2011n abian jarritako murrizketekin jarraitzea erabaki dute, Kataluniako kontu publikoak "onbideratzeko".