Ekonomia -

Eustat

EAEko industria jarduerak % 13,3 egin zuen behera 2020an covid-19aren ondorioz

Jaitsierarik handiena apirilean izan zen, industriak % 39 behera egin baitzuen. Hilabete horretatik aurrera, jaitsierak leuntzen hasi ziren.

2019an ekoizpena % 1,3 hazi zen EAEn. Argazkia: EFE.
Langileak Sidenor enpresan lanean
2019an ekoizpena % 1,3 hazi zen EAEn. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko industriaren ekoizpena % 13,3 jaitsi zen 2020an, aurreko urtearekin alderatuta, osasun krisiaren ondorioz, batez ere koronabirusaren pandemiaren lehen olatuan.

Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, Euskadiko industria jarduerak iaz izan zuen bilakaeraren nondik norakoak jakinarazi ditu ostegun honetan, eta horrek agerian utzi du 2020an izandako beherakada, aurreko urteetan gertatutakoaren aldean.

2019an ekoizpena % 1,3 hazi bazen ere, 2020an % 13,3ko beherakadarekin amaitu zen, martxoan pandemia piztu zenetik izandako beherakaden ondorioz, orduan jarduera % 14,3 murriztu baitzen, eta jaitsiera handiena apirilean izan zen, % 39, hain zuzen.

Maiatzetik aurrera (% -27,8) jaitsierak leuntzen hasi ziren; ekainean % 17,8 jaitsi ziren, uztailean % 12,4, abuztuan % 14,5, irailean % 9,8, urrian % 7,9, azaroan % 7,4, eta abenduan % 7,2ko urte arteko jaitsierarekin amaitu zen urtea.

EAEko industria-ekoizpena uzkurtu egin zen 2020an sektore handi guztietan. Jaitsiera handiena, % 15,8koa, tarteko ondasunetan izan da, besteak beste, metalurgia, produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuak.

Ekipamendu-ondasunak (motordun ibilgailuen fabrikazioa, trenbide-materialaren eraikuntza eta aeronautika eta ontzigintza barne) % 12,6 jaitsi ziren, eta energia % 11,9.

Bestalde, kontsumo-ondasunek % 6,7ko beherakadarekin itxi zuten urtea; kontsumo-ondasun iraunkorrek, horien artean altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzeko jarduerak, % 13,2 egin zuten atzera; eta kontsumo-ondasun ez iraunkorrek, hau da, elikagaiak, garbiketa- eta higiene-produktuak eta jantziak egiteko produktuak fabrikatzearekin, prozesatzearekin eta kontserbatzearekin lotutakoek, % 5,5 baino ez zuten behera egin.

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak izan du beherakada nabarmenena, 2020an % 16 jaitsi baita, ondoren Arabak (% -13,2) eta Gipuzkoak (% -10,6).

Abenduan izandako bilakaerari buruzko datuak

Eustatek abenduan industria jarduerak izandako bilakaeraren berri eman du, aurreko hilabetearekin alderatuta % 1,4 jaitsi baitzen, eta urte arteko % 7,2.

Abenduan, industriaren portaera okerrena Bizkaian ere izan zen: ekoizpena % 11,7 jaitsi zen 2019ko azken hilabetearekin alderatuta; Araban, % 10; eta Gipuzkoan, % 0,9 baino ez zen jaitsi.

Datu txar horiek gorabehera, Eusko Jaurlaritzak espero du industria-sektorea suspertuko dela 2021ean, baina ez zerbitzuen sektorea, mugikortasunaren murrizketek gehien zigortu dutena baita.

Confebask euskal patronalak ere uste du eraikuntza eta industria asko haziko direla aurten, baina azken kasu horretan, petrolioaren eta gasaren jarduera-adarretan eta aeronautikaren sektorean hobekuntza atzeratuago iritsiko dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria Eustaten datuak