Ekonomia -
Hezkuntzako murrizketen aurka
Irakasleek aurrekontu duinak nahi dituzte eta koordainketa salatu dute
"Koordainketa" aukeren berdintasunaren aurka doala salatu dute eta Gobernuko alderdiei gogoeta egiteko eskatu diete.
Erredakzioa
LAB, CCOO, STEE-EILAS, ELA eta CSIF sindikatuek Iruñan egin duten elkarretaratzean "hezkuntza publikorako aurrekontu duinak" eskatu dituzte "kalitatea bermatzeko". Hezkuntzako "koordainketa" salatu dute, aukeren berdintasunaren aurka doalako.
Sarasate pasealekuan egin dute bilkura eta Gobernuko eta Parlamentuko egoitzak txanponekin egindako lerro batekin sinbolikoki lotu dituzte, izan ere, diru hori da gurasoen elkarteei emango zaiena, eta hezkuntzako beste esparru batzuetan bezala, diru sarrerak gutxituko dizkiete 2012ko Nafarroako aurrekontuen proiektuan jasotzen denez.
Helburua aurrekontuei aurkeztu behar zaizkien zuzenketen garaian, Gobernuko alderdiei, UPNri eta PSNri, "berriz pentsatzeko eta egoerari buelta emateko" eskatzea dela adierazi du Expe Iriartek LABen izenean .
Murrizketa horiekin, orain arte eskolak ordaintzen zituen arloetarako, orain dirua familiek jarri beharko dutela esan du, eta bere ustez, "ezkutuko koordainketa da". "Aukeren berdintasunaren aurka doa", salatu du.
Horregatik, Gobernuko alderdiei gogoeta egiteko eskatu diete, izan ere "krisi garaian, hezkuntzak izan behar du ikasleen arteko ezberdintasunik ez egoteko berme bakarra".