Ekonomia -
Kalifikazio agentzia
BBVAri eta dozenaka banku handiri nota jaitsi die Standard & Poor's-ek
Besteak beste, Bank of America, Citigroup, Goldman Sachs, Morgan Stanley eta Wells Fargo entitateei eragin die S&Pren erabakiak. Santander banketxeak, berriz, eutsi egin dio lehengo kalifikazioari.
Erredakzioa
Standard & Poor’s kalifikazio agentziak BBVAren nota jaitsi du eta Santanderrena bere horretan utzi du, finantza erakundeen kaudimena kalkulatzeko irizpideak berritzeko prozesuaren ondoren. Horrez gain, mundu osoko dozenaka banku handiren kalifikazioa jaitsi du.
BBVAri dagokionez, "AA-"etik "A-"era jaitsi du kalifikazioa eta aurreikuspen negatiboarekin, Mexikoko filialaren nota "BBB"n utzi du eta aurrikuspen egonkorrarekin, eta AEBetako filialaren nota "A"n mantendu da, baina aurreikuspen negatiboarekin.
Agentziak azaroaren 9an iragarri zuen finantza erakundeen kaudimena ebaluatzeko irizpideak aldatuko zituela eta aldaketa horren ondorio dira kalifikazioen beherakadak, Standard and Poor's-ek agiri batean zabaldu duenez.
Wall Streeteko sei banku handienen kalifikazioa ere jaitsi dute. Bank of America, Citigroup, Goldman Sachs eta Morgan Stanleyren kasuan "A"tik "A-"era jaitsi zaie nota eta aurreikuspen txarrarekin uzten ditu.
Wells Fargoren nota "AA-"etik "A+"era pasatu du, aurreikuspen txarrarekin, eta JPMorgan Chase "A+"etik "A"ra pasatu da, baina aurreikuspen egonkorrarekin.
Kalifikazioan murrizketa jasan duten beste banku handiak Barclays, HSBC, ING, Lloyds, Royal Bank of Scotland eta UBS dira, besteak beste.
Kalifikazio agentziek kritika gogorrak jaso izan dituzte azkenaldian 2008an hasi zen finantza krisia aurreikusteko gai izan ez zirelako eta hori dela eta etorri da kalifikazioa emateko irizpideen aldaketa.
Metodo berriarekin, Standard & Poor'sek arreta handiagoa ematen dio banketxeak momentu zailei aurre egiteko duen gaitasunari, The New York Times-ek jakitera eman duenez.