Ekonomia -

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

2021erako Bizkaiko aurrekontuak onartu dituzte, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin

Oposizioko taldeek, berriz, zuzenketak aintzat hartu ez izana kritikatu dute eta Foru Gobernuko taldeek "maximalistatzat" jo dituzte proposamen horiek.

2021eko Bizkaiko aurrekontuak onartuta, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Artxiboko irudia: EiTB Media
2021eko Bizkaiko aurrekontuak onartuta, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin
2021eko Bizkaiko aurrekontuak onartuta, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Artxiboko irudia: EiTB Media

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak 2021erako aurrekontuak onartu ditu asteazken honetan, Foru Gobernua osatzen duten bi taldeen (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin. EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta PPk kontra bozkatu dute. Oposizioko taldeek zuzenketarik aurkeztu ez izana kritikatu dute, eta Exekutiboko alderdiek, berriz,  proposamenak "maximalistak" direla esan dute.

7.970,8 milioi euroko zenbatekoa duen aurrekontu-proiektua da, 2020an baino % 6 gutxiago; izan ere, covid-19aren pandemiaren ondorioz sorturiko krisiak guztiz baldintzatu du aurrekontua. Hala ere, sailaren eskuragarritasuna % 5,9 handitu da, 1.358,8 milioi euroraino.

Legebiltzarreko izapide horretan, bai EH Bilduk baita Elkarrekin Bizkaiak ere osoko zuzenketak erregistratu zituzten, baina otsailaren 3an osoko bilkurak atzera bota zituen; 600 zuzenketa partzial baino gehiago egin dituzte, eta horietako bakarra, EAJ eta PSErena, sartu dute proiektuan Ogasun Batzordean izandako eztabaidan.

Azkenik, asteazken honetan Batzordearen azken proposamena bozkatu dute, eta, beraz, behin betiko onartu dituzte Bizkaiko bigarren legegintzaldiko aurrekontuak, Diputazioa zuzentzen duten bi alderdien aldeko 33 botorekin eta oposizioko hiru alderdien aurkako 18rekin.

Batzar Nagusietako eztabaidan, oposizioko taldeek Foru Exekutiboari osoko bilkurarako gordetako 600 zuzenketa partzial baino gehiago onartu ez izana kritikatu dute. "Bat bera ere ez al zen berreskuratzeko modukoa?", galdetu dute bozeramaileek.

Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, EAJk eta PSEk ez dute "benetako borondaterik akordioak lortzeko", eta ez dute euren bidetik atera nahi izan aurrekontuen eztabaidan. Batzarkideak uste du pandemiak utzitako lehentasunei aurre egiteko "aukera galdu" dela.

Zentzu horretan, "azken urtean egoera erabat aldatu da, jendearen lehentasunak aldatu dira, baina ez aurrekontu honenak", ohartarazi du.

Elkarrekin Bizkaitik, Eneritz de Madariaga bozeramaileak "arrabola" aplikatzea leporatu die Foru Gobernuko taldeei, "inolako negoziazio jarrerarik gabe". Adierazi duenez, "egiteko gaitasuna dago, kontua borondate politikoa izatea da", baina Foru Gobernuan "aspaldi uko egin zioten Bizkaiko herritarren eskubideen alde lan egiteari". Pandemiarik eta krisi ekonomikorik gabeko urte batentzako moduko aurrekontuak direla kritikatu du, baina "ikusezinarena egin arren, biak hor daudela" gogoratu du.

Bestalde, Amaya Fernandez PPko bozeramaileak esan du bizkaitarrek "aurrekontu hobeak" merezi dituztela, "kaleko errealitateari lotuta" daudenak. Bere ustez, aurrekontuak "kontinuistegiak" dira eta pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko "proiektu berri gutxi" aurkeztu dituzte. Bizkaia "koma egoeran" dago eta aurrekontuak "parazetamolaren" antza handiagoa du, "bizkortze prozesu batena" baino.

Maximalistak

Bizkaiko Exekutiboa osatzen duten taldeek oposizioaren proposamen "maximalistak" kritikatu dituzte. Mikel Bagan EAJko batzarkidearen hitzetan, Gobernuaren aldetik "negoziatzeko eta akordioak lortzeko borondatea" egon da, eta "proposamen serioak" aurkeztu ditu, baina oposizioak "ez du sartu nahi izan". Ildo horretan, EH Bilduri kritikatu dio "Espainiako Estatuko beste gobernu batzuekin oso adeitsua" izatea eta EAJk dituen gobernuekin, berriz "guztiz zorrotza".

Baganek azaldu duenez, oposizioaren zuzenketak hainbat arrazoirengatik bota dituzte atzera: "oinarrizko justifikaziorik ez dutelako, Aldundiaren zerbitzuak normaltasunez garatzea eta ematea eragozten dutelako, urte askotako konpromisoen aurka doazelako edo estrategikoak diren eta sozialki bermatu diren proiektuen kalterako direlako".

Azkenik, Juan Otermin PSE-EEko bozeramaileak oposizioari leporatu dio "beste batekin adostasunez zikintzeko beldur" diren proposamenak aurkeztu izana. "Etorkizuna ez da Foru Gobernuaren zeregina zuzentzeko ardura dutenen ekimen eta proiektuei oztopoak jartzea edo besoak jaistea", ohartarazi du ahaldun sozialistak. "Adostasun zabala" lortu ez izana deitoratu du; izan ere, bere ustez, adostasun hori, bizi dugun egoera zail honetan aberasgarria izango litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? EAE albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Aurrekontu Publikoak 2024 Arabako Foru Aurrekontuak