Ekonomia -
Protestak Britainia Handian
1979az geroztik grebarik handiena egin dute funtzionario britainiarrek
Eskolen % 62k ez dituzte ateak zabaldu grebaren eraginez, eta 6.000 operazio bertan behera geratu dira ospitaletan. Heathrowko aireportuan etenaldiak izan dira.
Erredakzioa
Azken 30 hamarkadetan deitutako aurreneko greba masiboak izan duen jarraipena baloratzeko orduan desadostasunak dituzte Britainia Handiko Gobernuak eta sindikatuek. Bi milioi funtzionario lanuztea egitera deituta zeuden. Eskolen % 62k ez dituzte ateak zabaldu grebaren eraginez, eta 6.000 operazio bertan behera geratu dira ospitaletan, Britainia Handiko komunikabideek jakitera eman dutenez. Bestalde, 52 pertsona atxilotu ditu Poliziak Londresen.
21.700 eskoletatik 19.000 zentro erabat edo partzialki itxita egon dira gaur Ingalaterran eta Galesen, Gobernuak jakinarazi duenez. Era berean, aurrikusita zeuden 30.000 ebakuntzetatik 6.000 bertan behera geratu dira ospitaletan.
Exekutiboaren arabera, 135.000 funtzionariok greba egin dute, hau da, administrazio publikoaren laurden batek. Bien bitartean, Heathrowko aireportuan etenaldi txikiak izan dira.
Cameronek greba txikiagotu du
Grebaren eragina txikiagotzeko hartutako neurriak goraipatu ditu David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak Komunen Ganberan. Anbulantzien zerbitzuak normaltasunez funtzionatu duela adibidetzat jarri du Cameronek. 900 zentrotatik 18k bakarrik itxi dutela esan du.
"Greba kaltegarri eta arduragabe hauek babestu zituen oposizioko alderdiak, baina lanuzteak porrot egin du", adierazi du Cameronek. Ed Miliband oposizioko buruzagiak grebaren erantzukizuna onartzeko eskatu zion Gobernuari.
Bestalde, TUC sindikatuko bozeramaile batek azaldu duenez, gutxienez bi milioi langile publikok parte hartu dute greban, ondorioz, 1979az geroztik Erresuma Batuan egindako lanuzterik handiena da.