Ekonomia -
Gasteiz
Legebiltzarrak ia % 3 murriztu du 2012ko bere aurrekontua
Aurrekontua 33,6 milioi eurokoa da eta bozkaketan Aralarrek ez du botorik eman.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak 2012ko bere aurrekontua onartu du; 33.627.394,14 euro, aurtengoa baino % 2,95 baxuagoa. Murrizketa horretan eragin handia izan du Presidentza alorrean egindako murrizketa (-% 51) eta parlamentarioen, langileen eta Taldeen soldata, dietak eta diru-laguntzak hirugarren urtez jarraian bere horretan utzi dituztela.
Araudiaren Batzordeak onartu egin du aurrekontua, nahiz eta Aralarrek botorik ez eman. Murrizketa 1.020.953 eurokoa izan da. Presidentetzaren alorrean egindako murrizketa izan da handiena: 2011 izandako 940.000 eurotik 450.000 euro izatera pasako da.
Komunikatu batean aditzera eman dutenez, parlamentarioen, langileen eta Taldeen soldata, dietak eta diru-laguntzak hirugarren urtez jarraian bere horretan utzi dituzte hirugarren urtez jarraian.
Inbertsioetan, % 24 gutxiago
Besteak beste, telekomunikazioen sailak % 45eko murrizketa izan du aurreko aurrekontuarekin alderatuta; Presidentetzaren ardurapean dauden programa instituzionalek, aldiz, % 41 gutxiago izango dute gastatzeko eta 2012rako aurreikusitako inbertsioak % 24 murriztu dituzte.
Presidentetzan murrizketa "nabarmena" egin dute publicítate-kanpainen alorrean, 2011ko 200.000 eurotik 50.000 eurora, eta CALRE edo Europako Legegintza Estatuetako Parlamentuen Presidenteen Konferentziarekin zerikusia zuten ekitaldiak antolatzeko saila kendu egin dute. Aurten 100.000 euroko aurrekontua izan du sail horrek.