Ekonomia -
Iruzkina
Lau galdera Europaren etorkizunaz
Askok uste zuten Europar Batasuna ez zela osorik aterako krisiaren ekaitzetik. Abiadura Handiko Europa ziztu bizian atera da, hori bai, norabide jakinik gabe.
Mikel Reparaz
Zalantza bat argitu digute behinik behin. Askok uste zuten Europar Batasuna ez zela osorik aterako krisiaren ekaitzetik, eta zalantzarik gabe esan dezakegu Erresuma Batua atzean (kanpoan) gelditu dela. "Britainia Handia txalupa batean sartu da Hungariarekin batera", esan du ironiaz David Miliband laborista britainiarrak, oposiziotik. Baina azken orduan hungariarrek ere bakarrik utzi dute David Cameron. Eta Abiadura Handiko Europa –'Made in Germany' motorea daraman hori– ziztu bizian atera da, hori bai, norabide jakinik gabe.
Bidegurutze honetan Erresuma Batua kontinentetik urruntzen den bide horretan barneratu da. Eta gainerako estatukideek, krisiak kolpatuta, Alemania eta Frantziaren bideari eutsi diote, norantz doazen jakin ez badakite ere. Momentuz premiazkoa da Eurogunea aurrekontu-batasun berri horren pean babestea. Abiadura Handiko Europaren lehentasuna da hori.
Baina gaurko erabakiek Europa osoaren etorkizuna baldintzatuko dute. Eta hor sortzen zaizkigu galderak.
-Euroaren salbazioak jatorrizko proiektu europarra lurperatuko al du? Itun berria sortzeko gobernuen arteko akordioa Erresuma Batuari bizkar emanda eginen da... eta hein batean Europar Batasunari bizkar emanda. Batasun ekonomikoak aurrerapauso handia eman du gaur, egia da, baina Europar Batasuna ez da orain arte ezagutu duguna izanen.
-Demokraziak atzera eginen al du Europa berrian? Krisiaren aitzakiaz merkatuek gobernuak eraitsi eta agintarien lekuan hautatu gabeko teknokratak inposatzen dituzten garaiotan, itun berriak Lisboan erdietsi aurrerapauso asko bide bazterrean utz litzake. Esaterako, Europako Parlamentuak zein eskumen izanen du eszenatoki berri horretan?
-Europa sozialaren amaiera? Itun berria datorren urteko martxoan jaioko da, baina bere DNA dagoeneko ez dago aldatzerik. Defizitaren kontrola dute helburu Europar Batasuna gobernatzen duten agintari eskuindar zein teknokratek.
-Alemaniak aginduko al du etorkizuneko Europa horretan? Gaurko goi-bileran Angela Merkelek nahi zuen guztia lortu du. Inork ez du "eurobono" hitza ahoskatzeko adorerik izan. Erresuma Batua kanpoan, kontrapisurik gabeko Alemaniak ez du oztoporik bidean.