Ekonomia -

EUSKALTEL

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Euskaltel saldu izana kritikatu dute

Operazioa "mundu lehiakorraren" esparruan kokatu du PPk, eta LAB sindikatuak "espoliazio" prozesu baten amaiera dela esan du.

Euskalteleko bazkideen gehiengoak oniritzia eman dio operazioari. Argazkia: EFE
Bikote bat, Euskaltelen egoitzaren aurretik paseatzen
Euskalteleko bazkideen gehiengoak oniritzia eman dio operazioari. Argazkia: EFE

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laster iritsi dira MasMovilek Euskaltel erosi osteko erreakzio politikoak. Eusko Legebiltzarreko oposizioko bi indar nagusiek, EH Bildu eta Elkarrekin podemosek kritikatu egin dute Euskaltel MasMovil enpresari saltzeko operazioa. 

EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik, EAJren kudeaketa kritikatu du Twitterren: "digitalizazioaren aroan, etorkizunean Euskaltel bezalako enpresa publiko batean inbertitu beharrean, EAJri pribatizatzea otu zitzaion, Burtsara aterata. Publikoa izateari utzi arren, errotzea ziurtatuta zegoela esan ziguten. Gaur badakigu ezetz" adierazi du.

Koalizioko legebiltzarkide Iker Casanovak "eskandalua" dela operazioa eta "ondorioak" izan beharko lituzkeela gaineratu du; horren haritik ardura politikoak galdegingo dituztela adierazi du.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen ustez, Euskaltelen salmenta "euskal subiranotasunarentzako albiste txarren zerrenda luze baten azkena da. Enpresa publikoen salmentak etorkizunean erabakitzeko gaitasuna galtzea dakar, are gehiago telekomunikazioen sektore estrategiko eta etorkizuneko batean".

Roberto Uriarte alderdi bereko diputatuak esan du: "Abertzalea eta liberala izatea, helburu nazionalistak dituen enpresa publiko bat sortzea eta Espainiako enpresa pribatu bati entregatzea. Eta dena Euskadiren onerako eta ilea nahasi gabe. Txapela kentzen dut".

Leihakortasunaren ondorio

Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak ETB1eko Egun On Euskadi saioan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, operazioa "mundu lehiakorraren" ondorio da. Euskaltelen euskal izaera babesteko "apustua egin zen arren", gaineratu duenez, "badirudi apustu hori ez dela amaierara arte iritsiko eta Euskaltel talde handiago batean sartuko dela. Mundu lehiakor batean gaude eta talde handiek aukera gehiago dituzte, eta kasu honetan agerikoa izan da ezagutu dugun erabakia", adierazi du.

LABek "espoliazioa" dela dio

LAB sindikatuak, bestalde, MasMovilen EEParekin "Euskaltelen pribatizazio eta espoliazio prozesu eskandalagarriari" amaiera jartzen zaiola; Eusko Jaurlaritzak prozesu hori babestu izana salatu dute, "eginez, zein ez eginez", izan ere, sindikatuaren ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du "Euskaltelen interes publikoa defendatzeko eta haren erabakigunea Euskal Herrian mantentzeko inongo interesik eduki.

Sindikatuak komunikatu batean adierazi duenez, "euskal gizarteari lapurtu egin zaio bere eredu digitala birpentsatzeko eta herri honetako langileen zerbitzura dagoen eredu baterantz aurrera egiteko zuen tresna publiko bakarra".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak