Ekonomia -
KRISI EKONOMIKOA
Gipuzkoak 95 milioi euroko plana aurkeztu du ehun ekonomikoa indartzeko
"Ekonomia Indartuz" egitasmoaren baitan, laguntzak eta neurri fiskalak ezarriko ditu pandemiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko, eta azpiegituretan inbertsioak egitea sustatuko du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gipuzkoako Foru Aldundiak "Ekonomia Indartuz" egitasmoa aurkeztu du, lurraldeko ekonomia suspertzeko eta koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa gainditzeko. Plan horren baitan, hainbat programa, laguntza eta neurri abiatuko ditu. Guztira, 95 milioi euroko aurrekontua bideratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak horretara.
"Ekonomia Indartuz" programak bi lan-ildo nagusi izango ditu: koiunturala eta egiturazkoa. Lehenengoak pandemiak gehien erasandako pertsona eta sektoreak sostengatzeko laguntzak eta neurri fiskalak bilduko ditu. Bereziki enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei zuzenduta dago, eta 40,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Azpiegituretan inbertsioak egiteko, berriz, 25,5 milioi euro erabiliko dira. Bigarrenari dagokionez, ostera, Foru Aldundiak 29 milioi euro jaso ditu ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzeko.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu dituzte planaren xehetasunak, kazetarien aurrean.
"Ekonomia Indartuz" programaren bidez, Gipuzkoak 12,5 milioi euro bideratuko ditu laguntza lerroen bidez krisiaren eragina pairatzen ari denei "oxigenoa" emateko. Zehazki, lau milioi euro, Elkar-Ekinen enplegagarritasun-laguntzak indartzeko (3 milioi euro); milioi bat, aldi baterako erregulazio espedienteek eragindako edo langabezian dauden profesionalak birkualifikatzeko; 1,6 milioi, turismo sektorea laguntzeko; 1,9 milioi, gertuko merkataritzarako; 1,9 milioi euro, ostalaritzarako; milioi bat, lehen sektoreko azpisektore kaltetuenentzako; bi milioi euro, kulturarako eta kirolerako, eta 150.000 euro, artisautza sektorerako.
Turismoari dagokionez, zuzeneko laguntzak aurreikusi ditu bidaia agentzientzat, baserri-turismo eta landetxeentzat, hotelentzat, pentsioentzat, kanpinentzat, hartzaileentzat, turismo aktiboarentzat, gida eta zerbitzu turistikoentzat, eta apartamentuak eta etxebizitza turistikoak kudeatzen dituzten enpresentzat.
Merkataritzarako laguntzak, ostera, bi lan-ildo nagusitan egituratuko dira: eraldaketa lehiakorra eta eraldaketa digitala. Ostalaritzari dagokionez, laguntza gehienak eraldaketa digitalari lotuta egongo dira, eta beste bi ildo ere aurreikusten dira, Gipuzkoako produktua kokatzeko, eta tokiko produktuaren eskaintza sustatuz Km0 ostalaritza eredua bultzatzeko.
Foru Aldundia laguntza ildo horien xehetasunak, baldintzak eta baremoak zehazten ari da, baina gehienak "apirilean" gauzatzea espero du. Horietako batzuk "zuzenean" emango dira, eta beste laguntza batzuk sektoreko eragileen bidez kudeatuko dira.
Zerga arloan, Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen neurri fiskalen eragina 28 milioi eurokoa izango da. Batez ere krisiak gehien zigortu dituen kolektiboentzako laguntzak dira, hala nola autonomo, mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainentzakoak.