Ekonomia -
Euroguneko krisia
EBZk 489.195 milioi eman dizkie maileguan 523 bankuri, hiru urterako
Europako Bankuak hartutako neurria historikoa da eta erabaki horren helburua kredituen emaria suspertzea da, familiengana eta enpresetara heltzeko.
Erredakzioa
Europako Banku Zentralak 489.195,75 milioi euro eman dizkie 523 bankuri, enkante baten bidez eta maileguan, familientzako eta enpresentzako kredituak bermatzeko asmoz. Bankuek 2015eko otsailaren 29rako gaur jaso duten diru guztia itzuli beharko dute. Alabaina, urtebete igaro ostean ere itzuli ahal izango dute mailegua, 36 hilabete itxaro beharrean. Laguntzak jasotzeko eskaerak aurreikuspen guztiak gainditu ditu, izan ere, adituen arabera, Europako Bankuak 160.000-300.000 milioi euro eman behar zituen enkantean.
Neurri historikoa
Europako Banku Zentralak gaur indarrean jarritako neurria aitzindaria da eta bere helburu nagusia kredituen emaria suspertzea da, familiengana eta enpresa txiki eta ertainetara heltzeko; izan ere, enpresa horiek dira Europan enplegu gehien sortzen dutenak. Gaur martxan jarriko den operazioak bigarren zatia izango du eta bigarren fase hori otsailean egingo dute.
Operazioa egiteko, enkantea egin dute, esleipen osokoa eta interes tasa finkoduna. Tasa hori operazioak irauten duen bitartean Europako Banku Zentralak ezartzen duen interes tasa gidariari begiratuta indexatuko dute, eta entitateek operazioaren epea amaitutakoan ordaindu beharko dute. Egun, euroguneko interes-tasak % 1ean daude ezarrita, baina datozen hiru urteetan aldaketak egon litezke. Ekonomilari batzuen iritzian, baldintza merkeetan emango den diru hori, inguruko herrialdeetako zorrak erosteko baliatuko dute banku askok, errentagarritasuna bermatzeko.