Ekonomia -

hidrogeno berdea

Hidrogenoa euskal industriaren energia-kontsumoaren % 5 izango da 2030ean

Jaurlaritzaren asmoak betez gero, 10 urte barru Euskadin garraiorako 500 ibilgailuk erabiliko dute erregai hau.

Hidrogenoaren Euskal Estrategiaren aurkezpena. Argazkia: Energiaren Euskal Erakundea
Hidrogenoaren Euskal Estrategiaren aurkezpena. Argazkia: Energiaren Euskal Erakundea
Hidrogenoaren Euskal Estrategiaren aurkezpena. Argazkia: Energiaren Euskal Erakundea

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak Hidrogenoaren Euskal Estrategian ezarritako lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean. 2030ean euskal industriaren energia-kontsumoaren % 5 izatea proposatu dute, eta urte horretarako, garraiorako 500 ibilgailuk hidrogenoa erregai gisa erabiltzea aurreikusi dute.

Estrategia horren bidez, hidrogenoak eskaintzen dituen aukera energetikoak baliatu nahi dituzte, baita ingurumen eta industria eta teknologia alorretan ere.  Bere mintzaldian, Ansolak nabarmendu du hidrogenoa funtsezkoa izango dela "energia berriztagarriak behin betiko garatzen hasteko eta energia-sisteman integratzeko", eta hori ezinbestekoa da Euskadik bere gain hartutako deskarbonizazio-kuotetara iristeko, Europako helburuekin eta Parisko akordioarekin lerrokatuta.

2030erako estrategiaren baitan, beste helburuetako batzuk dira 300 MW-eko elektrolizazio-indarra lortzea, hidrogeno guztia (% 100) energia berriztagarrien bidez ekoitzitakoa zein karbono urrikoa izatea, eta urteko erregai sintetikoen ekoizpena 2.000 tonakoa izatea.

Urte bererako beste jomugetako bat litzateke industriak lehengai gisa kontsumitutako hidrogenoaren % 90 jatorri berriztagarrikoa edo karbono urrikoa izatea, eta hori industria-sektoreko energia-kontsumoaren % 5 izatea. Horretarako, erregai hori erabiliko duten zenbait proiektu pilotu bultzatzea aurreikusi dute, publiko orokorrak erabiltzeko hidrogeno-zerbitzuguneak, esaterako.

Azken helburua, Ansolaren hitzetan, 2050ean petrolioaren eta horren deribatuen zero-kontsumoa lortzea da, energia-erabileretarako. Hidrogenoaren Estrategiak Euskadin hidrogeno-ekoizpen, -banaketa eta -kontsumorako ekosistema bultzatzea du xede, bertan dauden industria, logistika eta teknologia ahalmenak baliatuta.

Hala, EEEk hidrogenoan oinarritutako tokiko merkatua sortzeko asmoa du, industria eta bestelako sektoreak deskarbonizatzeko tresna bideragarri modura.

Era berean, jakintza hori nazioarteko merkatura esportatu nahi dute, euskal teknologiak beste sektore batzuetan (eolikoan, adibidez) izan duen garapenari jarraiki. Datozen urteetan sektoreak Europa osoan hazkunde nabarmena izatea aurreikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Industria sektorea