Ekonomia -

Ikerketa baten arabera

Brasilek Erresuma Batua gainditu du eta munduko seigarren ekonomia da

Hegoamerikako herrialdea % 7,5 hazi zen 2010ean eta aurten ekonomiaren hazkundea % 3,5 ingurukoa izango dela aurreikusi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilgo ekonomia Britainia Handikoaren gainetik kokatuko da urte amaieran eta munduko seigarren potentzia ekonomiko handiena bilakatuko da, Ingalaterrako Enpresa eta Ekonomia Ikerketen Zentroak (CEBR) egindako ikerketak agerian utzi duenez.

Brasilek 200 milioi biztanle ditu, Erresuma Batuak halako hiru, eta 2010ean % 7,5 egin zuen gora bere ekonomiak. Aurten, ekonomiaren hazkundea % 3,5 ingurukoa izango dela aurreikusi dute.

Brasilen gorakadak baieztatu egiten du orain arte goraldian zeuden herrialdeak Europa Mendebaldeko ekonomien gainetik kokatzen ari direla dagoeneko. Europako herrialdeen artean, Alemania eta Frantzia laugarrena eta bosgarrena dira hurrenez hurren, Erresuma Batua zazpigarren postura jaitsiko da eta Italia zortzigarrena da. Horiek dira Europako ordezkariak lehenengo hamar ekonomia handienen artean.

CEBR-ren ikerketaren arabera, 2020rako Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia azken lauak izango dira 10 handienetan, eta Txinak (2.a), Errusiak (4.a), Indiak (5.a) eta Brasilek (6.a) agerian utziko dute panorama ekonomikoaren aldaketa.

Hala eta guztiz ere, rankineko lehenengo bi postuak ez dira aldatuko eta AEB eta Txina egongo dira 2020an ere lehenengo bi tokietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea