Ekonomia -

Bizkaia

Glovoren eta bere langileen arteko harremana "lan-arlokoa" dela egiaztatu dute

Bilboko Lan Arloko Epaitegiak, aurkeztutako lan-kontratuak ikusita, adierazi du Glovoren eta bere langileen arteko harremana "lan-arlokoa" dela.

Glovo enpresako banatzailea. Argazkia: EITB Media.
Glovo enpresako banatzailea
Glovo enpresako banatzailea. Argazkia: EITB Media.

N. B. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Lan Arloko 11 zenbakiko Epaitegiak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak aurkeztutako demanda baietsi du, eta ostiral honetan ezagututako epaian adierazi duenez, 2017ko irailetik 2019ko urtarrilera bitartean enpresarekin lotura izan zuten Glovo APP 23 SLren eta haren ia 300 langileen arteko harremana "lan-izaerakoa da, horrek dakartzan legezko ondorio guztiekin".

Martxoaren 26an Bizkaian egindako Glovoren aurkako epaiketa kolektiboaren epaian jasotzen denez, enpresaren helburu soziala da "errekadu-zerbitzuen aplikazio informatikoak ustiatzea eta, komisiodun gisa, besteren kontura ondasunak eskuratzeko ahalmena izatea", bai eta "salgaiak errepide bidez garraiatzeko kontratazioan bitartekari izatea" ere, "garraio-agentzia, biltegiratzaile-banatzaile edo operadore logistiko gisa".

Prozeduraren helburua zen zehaztea ea zer harreman-motak lotzen dituen ustezko "langile autonomoak" edo "ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoak" eta Glovo APP 23 SL. Horren aurrean, epaileak ondorioztatu du "autonomo faltsuak" izeneko kasu baten aurrean legokeela. Epailearen arabera, langileen eta enpresaren arteko harremana, "baita tipologia teorikoa ere, enpresak aurkeztutako lan-kontratuak eta banatzaileek aurkeztutako kontratuak kontuan hartuta egiaztatzen da, Lan Ikuskaritzak adierazitakoarekin batera".

Halaber, Langile Autonomoen Araubide Berezian langileen altak eta bajak egiaztatuta daudela uste du epaileak, eta enpresako zuzendaritzak banatzaileak istripuetan edo erantzukizun zibilean aseguratzen dituela nabarmendu du.

Epailearen ustez, "argi dago" Glovo APP 23 SL dela banatzaileen jarduera zuzentzen duena, haien lan-baldintzak zehaztu eta kontrolatzen dituena, haien ordainsaria finkatzen duena, eta, gainera, joan-etorriaren errealitateari ez ezik, aplikazio informatikoak berak ezartzen duenari ere erreparatzen diona, langile horiek kobratuko dituzten fakturak ere egiten dituena, eta banatzaile bakoitzaren ordutegi orokorra eta partikularra zehazten duena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Epaiketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak