Ekonomia -

Euskal kutxen bat-egitea

Mario Fernandez Kutxanbankeko presidente izendatu dute

Kutxabankeko lehen Administrazio Batzordeak Mario Fernandez presidente eta Xabier Iturbe lehenengo presidenteorde aukeratu ditu.

Iturbe lehen presidenteordea, Mario Fernandez presidentea eta Zapatero bigarren presidenteordea. EFE
Kutxabank lanean hasi da jada

01:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabanken Administrazio Batzordeak lehen bilera ofiziala egin du erakundearen egoitzan, Bilbon. Batzordeko 15 kideek erakundeak bere jarduerarako ezinbestekoak dituen erabaki legalak onartu ditu eta Batzordeari zein bere komisio delegatuei dagozkien izendapenak egin ditu.

Administrazio Batzordearen lehen akordioaren arabera, Mario Fernandez izango da presidente eragilea, Xabier Iturbe lehen presidenteorde eta Carlos Zapatero bigarren presidenteorde. Halaber, Irantzu Irastorza idazkari izendatu du -ez kontseilaria-.

Batzordeak bere jarduerari dagokion araudia ere onartu du eta Batzorde Eragilea sortu du, honako zazpi kide hauek izango dituena: Joseba Mikel Arieta-Araunabeña presidentea eta Jesus Maria Errazti, Fernando Raposo eta Luis Fernando Zayas presidenteordeak.

Sortu diren komisio delegatuen artean daude Arriskuak, Izendapenak eta Ordainsariak, Ikuskaritza eta Araudi-betetzea, eta komisio hauetako kideak izendatu ditu Batzordeak berak. Horrez gain, Banka-Negozioko zuzendari nagusi izendatu du Ignacio Sanchez-Asiain eta zuzendari nagusiaren ondoko Fernando Martinez-Jorcano eta Joseba Barrena Llorente.

Onartu beharreko gainerako hainbat gai aztertu ditu Kutxabanken lehen Admnistrazio Batzordeak, hala nola arriskuen politika, eskuduntzak, barne-jokabide araudiak eta baloreen merkatukoak, babesa eta bezeroenganako arreta. Guztiak BMBN-ri jakitera eman ondoren, Kutxabank abian dela esan daiteke. Administrazio Batzordea pozik azaldu da BBK, Kutxa eta Vitalen bateratzearen fase honek "errekor denbora batean" izan duen bilakeraz.

Erakundearen negoziazio mahaira joan ez izana salatu du LABek

LAB sindikatuak Kutxabankeko negoziazio mahaia sortzeko bilera deitu du astelehen honetarako. Bertara, LAB eta ASPEM sindikatuetako ordezkariak bakarrik joan dira, eta, beraz, ezin izan dute mahaia osatu.

Josean Urkiola LABeko Finantza ordezkariak azaldu duenez, ''lan negoziazioa Euskal Herrira bakarrik mugatzea'' da sindikatuaren helburua (EAEra eta Nafarroara), Estatuko bulegoetako langileak kanpoan utziz.

Urkiolak azpimarratu duenez, ia ordezkari kopuru bera dago Euskal Herritik kanpoko bulegoetan, eta EAEko eta Nafarroakoetan. ''Ez ditugu gure baldintzak inposatu nahi, baina ez ditugu, halaber, besteenak onartu nahi".

Horregatik, EAEkoak eta Nafarroakoak ez diren langileek ''beren hitzarmen propioa negozia dezatela, Euskal Herrian negoziatzen denarekin bat egin dezatela edo kutxen hitzarmen orokorrarekin bat egin dezatela'' proposatzen dute.Goizean kontzentrazioa egin dute LABeko langileek BBK erakundeak Bilbon duen egoitzaren aurrean, "Kutxabank euskal hitzarmenaren alde" lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea