Ekonomia -
Banku berria
Permachek erabaki estrategikorik ez hartzeko eskatu dio Kutxabanki
Ezker abertzaleak salatu du administrazio kontseiluak "sentsibilitate desberdinak ordezkatzen ez dituen bitartean" ez lituzkeela "etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartu behar".
Erredakzioa
Joseba Permach ezker abertzalearen ordezkariak EAJri eta PPri, baina KutxaBanken administrazio kontseiluari bereziki, "sentsibilitate desberdinak ordezkatzen ez dituen bitartean etorkizuna baldintza dezakeen erabaki estrategikorik ez hartzeko" eskatu die.
Donostian emandako prentsaurreko batean Permachek eta Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideek gogora ekarri dutenez, PPk eta EAJk bere garaian akordioa lotu zuten BBVAren inguruan Jose Maria Aznar Espainiako presidente zenean, eta Kutxabanken etorkizuna antzekoa izango ote den galdetu dute.
"Non dago orain BBVAren egoitza soziala? Non ordaintzen ditu zergak? Noren esku dago?", galdetu dute EAJren "profesionaltasuna eta kudeaketa gaitasuna" zalantzan jarri aurretik.
Bestalde, Permachek esan du ez dela "ez logikoa, ez normala" Kutxen Lege berriak udalek dituzten ordezkari kopurua murriztea, izan ere, "oso garrantzitsuak" omen dira. Gainera, lege horri buruzko eztabaida Legebiltzarrean egiten ari dela eta han ezker abertzaleak ez duela ordezkaririk kritikatu dute.
Balizko zabalkundea
Gainera, "jendea etxetik kaleratzen eta enpresa txikiak kreditua galtzen ari diren bitartean" bankua "hedatzeko asmo espekulatzaileak" daudela ohartarazi du Permachek. "EAJren eskaintza" hori ote den galdetu du, eta "herriaren interesak" lehenesteko eskatu dio.