Ekonomia -
Lan erreforma
Soldatak KPIren azpitik igotzea onartuko dute UGTk eta CCOOk
2012 eta 2013. urteetan soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen azpitik igotzea proposatuko dute. Hala ere, 2014. urtean langileen "sakrifizio" hori konpentsatu beharko lukete enpresariek.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak eskatu dien lan erreforma egin ahal izateko, UGTk eta CCOOk hainbat proposamen jarri dituzte enpresarien mahai gainean. Gaur Candido Mendez UGTko idazkari orokorrak azpimarratu duenez, proposamenenen helburu nagusia "enplegua mantentzea" izango da.
SER irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, patronalari eta Cepymeri aurkeztu dizkieten proposamenak azaldu ditu. Besteak beste, 2012 eta 2013. urteetan soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen azpitik igotzea proposatuko dute. Hala ere, 2014. urtean langileen "sakrifizio" hori konpentsatu beharko lukete enpresariek, UGTren eta CCOOren proposamenen arabera.
Kaleratzeak ekiditzeko, sindikatuek hazkunde txikiagoa ere onartuko dute zenbait sektore eta enpresatan. Hau da, soldata igoera txikiagoak izango dira, enplegua mantentzearen truke.
"Soldata igotzearen eta enplegua mantentzearen artean, enpleguaren alde egingo dugu, zalantzarik gabe", azpimarratu du.
Horrez gain, lanaldi osoa dutenei zati bat murriztea ere onartuko lukete UGTk eta CCOOk, beti ere, neurri "itzulgarria" eta "borondatezkoa" baldin bada.
Gai hauetan akordioak lortzeko lanean jarraitzen dutela azaldu du Candido Mendezek, baina, beste alor batzuetan patronal ezberdinek hitzarmenak sinatu dituztela azaldu du.