Ekonomia -

Eskariaren beherakadagatik

Petronorrek erdira murriztuko du upelen ekoizpena, krisiak behartuta

Bizkaiako enpresak 100.000 upel gutxiago ekoiztuko ditu egunero, erregaien eskarian eman den beherakada bultzatuta. Langileen kopuruan eraginik izango ez duela ziurtatu du enpresa batzordeak.

Petronorrek egunero 100.000 upel gutxiago produzituko ditu. Argazkia: EFE
Petronorrek erdira jaitsiko du petrolio ekoizpena

00:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Petronor erregaia fintzen duen Bizkaiko enpresak iragarri duenez, urtarrila bitartean petrolioaren deribatuen ekoizpena erdira murriztuko du, Espainiako eta AEBetako merkatuetako krisi ekonomikoak eragin duen gasolinaren eskariaren beherakadak bultzatuta. Horrela, egunero 100.000 upel gutxiago produzituko ditu Petronorrek.

Muskizeko (Bizkaia) findegiak ohar baten bitartez esan duenez, enpresako historian lehen aldiz, gasolina egiteko FCC unitatea hilabetez itxiko dute. Unitate honekin batera, plantako bigarren findegia ere itxi egingo dute eta egungo ekoizpena jaitsi egingo da, zehazki, 220.000 upeletik 120.000ra jaitsiko da hilabete honetan.

Bigarren findegia jada 2009ko irailetik 2010eko maiatzera itxita egon zen, krisiaren hasieran, eta orain, gutxienez martxora arte egongo da geldirik.

Petronorrek gasolinaren eskaerak Espainian eta Ameriketako Estatu Batuetan izandako jaitsierari egotzi dio murrizketa, baita petrolio gordinaren eta fuel-oilaren prezioen arteko alde txikiari ere.

Gainera, itxierak "merkatua indartu bitartean" indarrean jarraituko duela ohartarazi dute, nahiz eta epe motzean lortzeko itxaropena dutela esan duten.

Enpresa batzordeak ostegunen izan zuen honen berri eta oraingoz, langileen kopuruan eraginik izango ez duela ziurtatu dute. Sindikatuen ordezkariek esan dutenez, aukera hau langileak beste arlo batzuetan trebatzeko aprobetxatzea espero dute.

Enpresa Batzordea astelehenean bilduko da

Petronorreko enpresa batzordea astelehenean bilduko da erabakia aztertzeko. Joan den ostegunean izan zuten albistaren berri eta enpresa batzordeko idazkariak, Javier Losak, esan duenez "ez du lan egoeran aldaketarik eragingo".

Enpresa oraindik ez dela "negoziatzeko ezta eskaerak jasotzeko eseri" salatu dute eta hil honetan batzartuko dira "aurrera eramango dituzten ekintzak erabakitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea