Ekonomia -

Erkidegoen aurrekontuak

PP: 'Erkidegoen aurrekontua zaintzea ez da autogobernuari erasotzea'

Zorraren arazoa "aspalditik PPk gobernatutako erkidegoetan" dagoela esan du PSEk.

Laura Garrido PPko legebiltzarkidea eta Txarli Prieto. Argazkia: EITB
Laura Garrido PPko legebiltzarkidea eta Txarli Prieto. Argazkia: EITB
Laura Garrido PPko legebiltzarkidea eta Txarli Prieto. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko alderdi popularrak erkidegoen aurrekontuen aurretiko kontrola defendatu du. Radio Euskadin, Laura Garridok esan du ez dela autogobernuari eraso egitea, EAJk eta Aralarrek esan duten moduan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ez duela barra-barra gastatu duten erkidegoak eta eginbeharrekoa bete dutenak berdintzat tratatuko dituen inolako neurririk onartuko esan du PSEk.

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak esan du erkidegoen aurrekontuak kontrolatzeko Gobernu zentralaren erabakia ez dela "autogobernuaren aurkako erasoa" eta ez dela autonomian "muturrik sartuko" berretsi du. Gainera, "Europak estatuen ekonomia gainbegiratzen badu, ulergarria da Espainiak erkidegoek egiten dutena kontrolatzea", gaineratu du.

Ricardo Gatzagaetxeberria EAJko legebiltzarkidearen ustez, erkidegoek duten finantza eta aurrekontuen autonomiarekin haustura litzateke neurri hori.

Bestalde, Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, iaz defizitari eusteko PPk eta PSOEk lortu zuten akordio konstituzionalak ez du "PPren jokabide harrorako" hizpiderik ematen.

"Arazoa, aspalditik PPk gobernatzen dituen erkidegoetan dago. Defizita handitzen dutenak, Madril, Valentzia edota Gaztela-Mantxa bezalako erkidegoak dira. PPk bere erkidegotan ordena jartzeko arazoa baldin badu, arazorik ez dugunekin ez ordaintzeko eskatzen diot. Defizita eta zorra, hemen, kontrolpean dago", esan du.

UPyD, ordea, erkidegoen aurrekontuak kontrolatzearen alde azaldu da, eta Kontzertu Ekonomikoa bertan behera uzteko eskatu du ohar baten bidez, "anakronikoa" dela argudiatuz. Gorka Maneiro legebiltzarkideak esan du Luis de Guindos Ekonomia ministroak aurreikusitako neurria babesten dutela eta Estatuak "interes orokorraren alde" egin behar duela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea