Ekonomia -
Elkarretaratzea
Metro Bilbaoko langileek Bizkaiko Foru Aldundira eraman dute gatazka
Bilboko Foru Jauregiaren aurrean kontzentrazioa egin dute, eta sindikatuetako ordezkariek beren aldarrikapenak eta gatazka konpontzeko nahia agertu dizkiete Aldundiko ordezkariei.
Erredakzioa
Metro Bilbaon mobilizaziorako deia egin duten ELA, LAB, CIM, UGT eta ESK sindikatuek gatazkaren inguruko beren azalpena eta aldarrikapenak biltzen dituen idatzia helarazi diete astearte honetan Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariei.
Enpresako hainbat langilek elkarretaratzea egin dute Bilboko Kale Nagusiko Foru Jauregiaren aurrean, eta sindikatuetako ordezkariek Itziar Garamendi Garraio diputatuari zuzendutako idatzia aurkeztu dute Aldundian. Testu horretan beren aldarrikapenak eta gatazka konpontzeko nahia bildu dute. Gainera, Garamendirekin eta Jose Luis Bilbaorekin aurrez aurre hitz egiteko aukera ere izan dute, eraikinaren atean bertan.
Rafa Valencia Metro Bilbaoko enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, Garamendi prest agertu da sindikatuekin bilera egiteko.Mobilizazioekin aurreraSindikatuek aurrera egingo dute hilabete honetarako aurreikusita zeuden mobilizazioekin, eta ostegunean egingo dute hurrengo geldialdia, 05:45etik 07:45era.
Geldialdiekin bat eginez, manifestazio handiago bat egiteko aukera ere aztertuko dute, eta, edonola ere, Valenciak aurreratu du hilabete honetan gatazka konpontzeko irtenbiderik aurkitu ezean, otsailerako mobilizazio egutegi berria aztertu beharko dutela.