Ekonomia -
Kalte-ordain gisa
La Caixak 12.500 euro itzuli beharko dizkio Donostiako bezero bati
Donostiako epaitegi batek zigorra ezarri dio La Caixari eta bezero bati bere aurrezki-libretatik desagertu ziren 12.500 euro ordaindu beharko dizkio.
Eredakzioa
Donostiako epaitegi batek La Caixa zigortu du bezero baten aurrezki-libretatik 12.500 euro desagertu ostean. Kopurua ordaindu beharko dio "zaintze betebeharrak ez betetzeagatik".
Bezeroak, baina, 302.722 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen. Izan ere, 12.500 euro horiek desagertutakoan, emakume horrek banketxearekin zuen hipoteka-mailegua ordaindu gabe utzi zuen, eta, ia hiru urte geroago, hasieran zor zuen kapitalari interes zordunak gehituta, zorrari aurre egin ezin izan zionez, La Caixa bezeroaren etxebizitzarekin geratu zen. Etxea Donostiako erdigunean dago. Ebazpenean emakumearen kontutik desagertutako 12.500 euroei bakarrik jarri diote arreta. 2006ko maiatzaren 31n, entitateak kontua erabili egin zuela erakutsi omen dute La Caixak epaiketan aurkeztutako frogek. Diru-ateratzea "ekintza ekonomiko moduan erregistratuta zegoen", baina ez da inon agertzen diru hori bezeroak edo horrek baimendutako beste inork atera zuenik.
Epaiaren arabera, La Caixak ez zuen ondo bete bezero horren dirua zaintzeko betebeharra, kaltetuaren "baimenik gabe" 12.500 euroak erabili egin zituztelako. "Ondorioz, bezeroak kalte-ordainak jaso beharko ditu". Halere, eta esan bezala, epaiak ez du emakumeak eskatu zuen kalte-ordaina onartu.