Ekonomia -
Sindikatuak eta dendariak
Manifestazioa deitu dute martxorako, jaiegunetan zabaltzearen aurka
Sindikatuek eta dendariek manifestazioa egingo dute Bilbon, eta "protestak egiten" jarraituko dute igandeetan eta jaiegunetan dendak ez zabaltzeko "isileko erabakia" betetzen ez duten saltokien aurka.
Erredakzioa
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Euskal Dendak dendarien elkarteak eta EAEko Kontsumitzaileen Elkarteak manifestazioa deitu dute datorren martxoaren 11rako, Bilbon, dendak jaiegunetan eta igandeetan zabaltzearen aurka.
Halaber, dendak igandeetan eta jaiegunetan ez zabaltzeko "isileko erabakia" betetzen ez duten saltokien aurka "protesta ekintzak" egiten jarraituko dutela esan dute.
Sindikatu eta dendariek Bilbon egindako prentsaurreko batean azaldu dutenez, dendak zabaltzeko oinarrizko araudia osatzeko manifestua egiten ari dira; halaber, sektoreko langileen artean sinadurak biltzen ari direla esan dute.
Sindikatuen eta dendarien ustez, denden ordutegien erregulazioa ez da soilik lan-eskubideetara mugatzen, gizarte ereduari eragiten baitio; izan ere, "kontsumo ereduari eta defendatzen dugun hiri ereduari eraso egiten die".
Bestalde, Marije Fernandez ELAko ordezkariak gogora ekarri duenez, Madrilgo erkidegoan lau jaiegun zabaltzea erabaki zuten lehenago, eta "orain 365" egun zabaltzen dituzte urtean. Ildo horretan, ukatu du salmenten kopurua handitu egingo dela, hori "kontsumitzaileen gastatzeko ahalmenaren eraginpean baitago".
Sindikatuen arabera, jaiegunetan zabalduta lortzen den gauza bakarra aste osoko salmentak igandeetara pasatzea da eta saltoki txikiek ez dute azpiegiturarik horri aurre egiteko.
"Saltokiak zabaltzen badituzte, % 6 handitzen dira enpresa handien salmentak, eta neurri berean jaisten dira denda txikien salmentak", deitoratu dute. Ildo horretan, ukatu egin dute enplegua sortuko duela: "Dendetan lan egiten duten pertsonen egoerak txarrera egin luke, atseden eguna galduko luketelako, familiaren bizitza desegituratuko litzatekeelako eta kontratu sastarrak sustatuko liratekeelako".
Era berean, ukatu dute kontsumitzaileek dendak urteko egun guztietan zabalik izatea eskatu izana, eta EKAko inkesta baten emaitzak gogorarazi dituzte: erantzun ziotenen % 94k dendak astelehenetik larunbatera zabalik izatearekin nahikoa dela uste dute.
Halaber, jaiegunetan zabaltzeak kontsumitzaileei askatasun handiagoa eman edo eskaintza hobetuko diela ukatu dute. "Saltokietan lanaldi partzialeko kontratu asko daude. Baldintza horietan lan egiten dutenak igandeetan lan egiteari ezetz esateak ekarriko dizkien ondorioen beldur dira".