Ekonomia -
Bikoizketak Euskadin
Aldekoa: 'Eskumenen inguruko gune grisak egon badaude'
Euskal erakundeen arteko bikoizketak aztertzen dituen Legebiltzarreko batzordean egin ditu adierazpenak Andoni Aldekoak, Bilboko Udalaren izenean.
Erredakzioa
Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko kontseilari delegatuak euskal erakundeen arteko sistema defendatu du, baina eskumenen inguruko "desdoitzeak" eta "gune grisak" badaudela onartu eta sistema "berrikustearen" alde agertu da.
Euskal erakundeen arteko bikoizketak aztertzen dituen Legebiltzarreko batzordean egin ditu adierazpenak Andoni Aldekoak, Bilboko Udalaren izenean. Jaurlaritzaren txosten baten arabera, bikoizketek 400 milioi euroko gastua eragiten dute Euskadin.
Bikoizketak badaudela onartu du Aldekoak, baina txostenaren ondorio bakarra hori izatea errefusatu egin du. Aipatu duenez, haienak ez diren eskumenak bere gain hartzen dituzte udalek, beste erakunde batzuk zerbitzu horiek eskaintzen ez dituztelako. Hiritarren beharrak asetzeko helburuarekin, gastu horiek bere gain hartzen dituztela azaldu du. Adibide moduan, Artxandako funikularra aipatu du. Jaurlaritzak eman beharko lukeen zerbitzua dela, baina Udalak bere gain hartu duela azaldu du Aldekoak.
Bere hitzetan, txostenaren harira igorritako mezua "arriskutsua da", erakundeek "dirua xahutu egiten dutela adierazi baitute". Aldekoaren ustez, sistema "hobetu eta zorroztu" egin behar dute, "elkarlana hobetuz, baina horrek ez du esan nahi sistema funtzionatzen ez duenik".