Ekonomia -
Premiazko neurrien dekretua
Helegitea aurkeztuko du Jaurlaritzak Rajoyren neurrien aurka
Lanaldia luzatzearen inguruan, Mendia bozeramaileak esan du neurriak ez diela EAEko funtzionarioei eragingo.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du Rajoyren Gobernuak joan den abenduaren 30an onartu zuen premiazko neurrien lege-dekretuaren aurka, "erkidegoen eskumenak inbaditzen" dituela argudiatuta, batik bat, enpresa publikoen EPSV-etan dirurik ez jartzeko agindua eman dielako autonomia erkidegoei.
Gobernu Kontseiluaren ostean eman duen prentsaurrean, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri du helegitea. Aurten, Errege Lege Dekretua onartuko dutela esan du, baina helegitea aurkeztuko duela berretsi du.
Mendiaren hitzetan, "Estatuak erkidegoen eskumenak inbaditu ditu. Legea beteko dugu eta ez dugu ekarpenik egingo 2012 urtean, baina aldi berean helegitea auekztuko dugu", esan du.
Lehengo urtean, Jaurlaritzak EPSVetara eginiko ekarpena 53 milioi eurokoa izan zen Jaurlaritzaren datuen arabera.
Lanaldia luzatzearen inguruan, Mendiak esan du neurri horrek ez diela EAEko funtzionarioei eragingo.