Ekonomia -
Palma
Epaileak Espainiatik ateratzea debekatu dio Ruiz-Mateosi
Nueva Rumasaren sortzaileak ez du deklaratu nahi izan; 7,3 milioi euroko iruzurra egin izana egotzi diote enpresaburuari.
Erredakzioa
Enrique Morell Palmako Instrukzioko 9 zenbakiko epaitegiko epaileak Espainiatik ateratzea debekatu dio Jose Maria Ruiz-Mateosi, eta epaitegira bertaratzeko beharra ezarri dio, Fiskaltzak eskatuta.
Nueva Rumasaren sortzaileak deklaratzeari uko egin ostean hartu du epaileak erabakia. Ustez, Ruiz-Mateosek 7,3 milioi euroko iruzurra egin zion Inversiones Insulares Radori, bi hotelen salerosketa operazioetan.
Bestalde, Fiskaltzak Ruiz-Mateosi pasaportea kentzeko, Espainia uzteko debekua agintzeko eta hilaren 1ean eta 15ean epaitegira bertaratu beharra ezartzeko eskatu dio epaileari. Izan ere, ustez, 13,9 milioi euroko beste iruzur bat egin zion Inversiones Grupo Mirallesi (IGM). Enpresaburuak, halaber, deklaratzeari uko egin dio auzi honetan.
Bestalde, kereila jarri dutenek, Fiskaltzak eskatutakoaz gain, aske uzteko 2 milioi euroko fidantza ezartzeko eskatu diote epaileari.