Ekonomia -
Bilera
Kantauriko erkidegoak arrantza sektorea babesteko bildu dira
Galizia, Asturias, Cantabria eta Euskadiko Arrantza sailetako arduradunak Santanderren bildu dira lau erkidego horietako kofradien federazioetako arduradunekin.
Erredakzioa
Kantauri itsasoko lau erkidegoetako gobernuek arrantza babesteko indarrak batzea erabaki dute. Halaber, baxurako arrantzaren harira, beren aldarrikapenak Madrilera eraman nahi dituzte; besteak beste, arrantza banatzeko kuota berriak ezartzea nahi dute.
Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadiko Arrantza sailetako arduradunak Santanderren bildu dira gaur lau erkidego horietako kofradien federazioetako arduradunekin.
Erkidegoetako gobernuek eta arrantzaleek elkarlanean aritzea erabaki dute baxurako arrantzaren harira, Blanca Martinez Kantabriako kontseilariak prentsaurrekoan azaldu duenez. Martinezek azpimarratu duenez, aurrenekoz erabaki dute Kantauriko lurraldeek "eskutik" joatea.
Halaber, Miguel Arias Cañete Nekazaritza ministroarekin bilera egitea eskatuko dutela iragarri dute; bilkura horretan, sektoreak orain dela hainbat urtetatik dituen "arazoak" eta "kezkak" jarri nahi dituzte "mahai gainean”.
Jon Azkue EAEko Arrantza sailburuordearen hitzetan, "gogorra badirudi ere, Europar Batasuna beste bide batzuk hartzera behartu behar dugu, oso garrantzitsua baita Kantauri itsasoko erkidegoek etorkizuna izaten jarrai dezaten".
Azkuek esan du gaurko bilera "hasiera puntua" izan dela, lanean jarraitzeko eta Kantauri itsasoa "arrainez, ontziz eta langilez beteta" egoteko.