Ekonomia -

Europako funtsak

Europako funtsetako 40 milioi euroko transferentzia sinatu dute Chivitek eta Belarrak Nafarroarako

Horiekin, mendekotasunari, iraupen luzeko zainketei eta gizarte-zerbitzuen modernizazioari lotutako 11 proiektu jarriko dira martxan.

Chivite eta Belarra funtsen transferentzia sinatzen. Argazkia: EFE.
Chivite eta Belarra funtsen transferentzia sinatzen.
Chivite eta Belarra funtsen transferentzia sinatzen. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Ione Belarra Gizarte Eskubideetarako eta Agenda 2030eko ministroak gaur Iruñean sinatu duten hitzarmenaren arabera, Nafarroak ia 40 milioi euro jasoko ditu, Europako funtsetatik etorritakoak. Diru-kopuru horrekin, mendekotasun, iraupen luzeko zaintza, irisgarritasun eta gizarte zerbitzuen modernizazio alorretako 11 proiektu martxan jarriko ditu Nafarroako Gobernuak. Horietako batzuek toki-erakundeak inplikatuko dituzte, eta funts guztien % 15 jaso beharko dute.

Hiru urteko indarraldia izango du hitzarmenak, eta eragin zuzena izango du zentro soziosanitarioak, publikoak zein pribatuak, "pertsonan oinarritutako" arreta-eredura egokitzeko orduan. Halaber, hainbat proiektu bultzatuko dituzte, hala nola mendekotasun- eta desgaitasun-egoeran dauden pertsonen etxeko telelaguntza-sistema aurreratua garatzea, oinarrizko gizarte-zerbitzuak digitalizatzea eta gizarte-historia bakarra bideratzea.

Chivitek eskertu egin du Gizarte Eskubideen eta Agenda 2030en Ministerioa egiten ari den kudeaketa azkarra, eta azpimarratu du funts horiek "susperraldi sozial eta ekonomikoari bultzada" emango diotela, "zerbitzu publikoak eta pertsonen arreta hobetuz".

Gaineratu duenez, erresidentzia-eredua eraldatzea izango da alderdirik garrantzitsuenetako bat; izan ere, "zahartzeari, mendekotasunari edo desgaitasunari heltzeko eta bideratzeko modua nabarmen aldatuko duen aurrerapausoa da hau, zerbitzuak eta pertsonen arreta humanizatuko ditu, eta ikuspegi integralagoa emango die".

Bestalde, Gizarte Eskubideetarako eta Agenda 2030erako ministroak azpimarratu duenez, "funts horiek pandemia honek irakatsitakoak praktikan jartzeko balioko dute, eta, batez ere, desberdintasun-arrakalak ixteko, zaintza-sistemaren erreforma osoa egiteko neurriak hartuta, arreta hobea izan dadin eta profesionalek baldintza duinagoak izan ditzaten".

Zentroetako erreformak, pertsonei egokitzeko

Guztira, 11 proiektu jarriko dituzte martxan jasotako funtsekin. Garrantzitsuenetako bat da zentro soziosanitarioak birmoldatzera bideratutakoa, pertsona ardatz duen arreta-eredu berrira egokitzeko, energia-eraginkortasuneko irizpideak barne. Izan ere, ekimen horrek eskatutako funtsen erdia hartuko du: 19.610.169 euro.

Erreformek balioko dute gune familiarragoak eta txikiagoak sortzeko, etxe baten antzera. Proiektu horren bidez, halaber, tokiko erakundeekin lankidetzan eguneko zentroak sortzea sustatu nahi da, batez ere zentro horiek ez dituzten eskualdeetan; horrela, mendekotasuna duten pertsonek etxean jarrai dezaten bultzatuko da.

Urte honetarako, 2021erako, 5.215.325 euroko inbertsioa aurreikusi da hainbat zentro publikotan: Erronkari Haraneko CAIDIS zentroan, Pilar Gogorcena eguneko zentroan, Iruñeko El Vergel egoitzan, Irunberriko San Isidro egoitzan eta Lizarrako Santo Domingon. Horrez gainera, Tuteran etxebizitza bat egokitzea, buruko gaixotasuna duten pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitza gisa erabiltzeko; eta ezgaitasun handiak duten eta laguntza beharra duten pertsonentzako etxebizitza komunitarioak Etxabakoitzen, San Joseko Txaletak izena izango dutenak.

Jarduerok ikastetxeen modernizazio teknologikorako beste proiektu batekin osatuko dira, eta, horretarako, 1.750.000 euro inbertituko dira, hiru urtean. Proiektu hori El Vergel zentroko proiektu pilotuarekin hasiko da; ondoren, San Jose, Santo Domingo eta Lur Gorri egoitzetara zabalduko da, eta, 2023an, adingabeentzako zentroetara.

Toki-erakundeen, gizarte-erakundeen eta bestelakoen titulartasuneko zentroetan egingo dituzten inbertsioak diru-laguntzen deialdi baten bidez kudeatuko dira. Horretarako, 6.382.326 euro bideratuko dira hiru urtean.

Telelaguntza-sistemari bultzada

Europako funtsekin finantzatutako beste proiektu batek Nafarroa osora zabaldu nahi du mendekotasun edota desgaitasun egoeran dauden pertsonentzako telelaguntza-sistema aurreratu bat, beren ingurunean egon daitezen, segurtasuna emanez eta bakardadea murriztuz. Proiektuak 7.798.225 euro jasoko ditu, eta aurten bertan hasiko da, 2.199.082 euroko inbertsioarekin.

Bestalde, Europako funtsetatik 3,43 milioi eurok bultzada handia emango diote Nafarroako Gizarte Historia Elektroniko Bakarra ezartzeko proiektuari. Tresna horri esker, besteak beste, izapideak, laguntza-eskaerak, zerbitzuak eta prestazioak arindu ahal izango dira.

Beste hiru milioi euro oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzeko erabiliko dira, toki-erakundeak haien kudeaketan inplikatuta, ikastetxeen trantsizio digitala eta langileen egokitzapena lortzeko, oinarrizko konpetentzia digitalak eta gizarte-zerbitzuen edo administrazio elektronikoaren konpetentzia espezifikoak barne hartzen dituzten prestakuntza-ibilbideen bidez.

Gizarte-zerbitzuen esparru horretan bertan, 2021ean deialdi ireki bat abiatuko dute hirugarren sektoreko erakundeentzat, gizarte-berrikuntzako proiektu pilotuak gara ditzaten. Aurtengo inbertsioa 261.000 eurokoa izango da, eta aurrekontua 1.400.000koa izango da, guztira.

Adingabeen arloan, bi proiektu gauzatuko dira, 1,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Horietako batek 1,12 milioi euro izango ditu, eta egoitza-baliabideak eta eguneko egonaldiak egokitzeko eta egoitza-harrerako zerbitzuei baliabide teknologikoak emateko erabiliko da. Bigarren proiektuak 290.000 euroko finantzaketa izango du, eta familia-harrerari buruzko erakartze- eta sentsibilizazio-plan bat abian jartzeko balioko du.

Onartutako 11 proiektuen multzoa osatzeko, irisgarritasun unibertsalaren arloko erreferentziazko zentro bat sortuko da; Mendekotasunaren eta Zahartzearen arloko Ikerketa Institutu bat sortuko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan, beste zazpi autonomia-erkidegorekin batera; eta sarean lan egiteko proposamen bat egingo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua