Ekonomia -
Desoreka Bidegiko aurrekontuan
EAJri ez diola dirua bidegabe erabiltzea leporatzen zehaztu du Ugartek
Bidegiko aurrekontuetan atzemandako desoreken inguruan azalpenak eman ditu Azpiegitura foru diputatuak. Olanok "gobernatzen duen erakundearen sinesgarritasuna kaltetu" izana leporatu dio Ugarteri.
Erredakzioa
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituren diputatuak zehaztu duenez, AP-1 Bidegiren errepidean eta Donostiako Bigarren Ingurabidean atzemandako 282 milioi euroko desoreka aipatuta ez dio EAJri dirua bidegabe erabiltzea leporatu, 'kudeaketa txarra' egin izana baizik.
Ugartek agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Azpiegituren Batzordean, PPk eta EAJk hala eskatuta, joan den urtarrilaren 17an emandako prentsaurreko batean AP-1 errepideko eta Donostiako Bigarren Ingurabidearen aurrekontuetan atzemandako "desorekak" salatzeko egin zituen adierazpenak argitzeko. Larraitz Ugartek desoreken diru kopuru horrek non amaitu duen galdetu zuen.
Foru diputatuak abokatua dela azaldu du, eta beraz, "zer esan daitekeen eta zer ez ondo" dakiela azaldu du, eta adierazpen haiek egin zituenean "inoiz" ez zuela dirua bidegabe erabiltzearen inguruan hitz egin azpimarratu du. "Ez zitzaidan burutik pasa ere egin", esan du. Bere ustez, Bidegiko "aurrekontuen desorekak" Aldundiko aurreko Gobernuaren (EAJk eta Hamakaibatek osatua) "kudeaketa oso txarraren" emaitza dira.
Hala, "ez da posible lanak prezio batean esleitzea eta ondoren desorekak egotea" esan du Ugartek 2003 eta 2011 artean desoreka 282 milioi euro ingurukoa dela azaldu du, hau da, batez beste "% 48ko desoreka" kalkulatu dute, eta hori "ez da kudeaketa ona", erantsi du.
Datu hori eman eta gero, esleitutako aurrekontuarekin alderatuz gero lan baten azken kostua % 5 edo % 10 inguru aldatzea dela esan du Larraitz Ugartek, eta hortaz, Bidegiko egoera "ez da normala, ezta onargarria ere", azpimarratu du.
Markel Olanoren salaketa
"Gobernatzen duen erakundearen sinesgarritasunari kalte egin izana" egotzi dio Markel Olanok Larraitz Ugarteri, eta lanetako aldaketa guztien txostenak egiten dituzten teknikari eta profesionalen lana zalantzan jartzea leporatu dio.
Horrexegatik, bere kudeaketaren inguruko informazioa eman eta "aurrera begiratzeko" eskatu dio jeltzaleak Bilduko foru diputatuari, aurreko Foru Exekutiboak, berak zuzentzen zuenak, egindakoa berrikusten egon beharrean.