Ekonomia -
Goi-bilera, Bruselan
EBko itun fiskalak aurrera, Erresuma Batua eta Txekia kanpoan utzita
Bruselan egin duten goi-bileran erreskaterako fondo berria ere adostu dute. Itun fiskala sinatzen duten herrialdeetarako bakarrik izango da erreskate fondo hori.
Erredakzioa
Diziplina fiskala indartzeko ituna adostu du astelehen honetan Europar Batasuneko buruzagien goi-bilerak, Bruselan. Erresuma Batua eta Txekia itun horretatik kanpo geratu dira, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak iragarri duenez.
Guztira 25 herrialdek sinatuko dute ituna, eta, horren arabera, bere konstituzio eta legedietan ''urrezko arau bat'' jaso beharko dute: urteko defizit estrukturala BPGren % 0,5ean mantentzea.
Gehienezko gastu hori beren araudietan behar bezala jasotzen ez duten Estatu kideak EBko Justizia Auzitegian salatu ahal izango dituzte. Beste kideetako batek zuzenean jarri ahal izango du salaketa, eta zigorra ere eskatu ahal izango du. Zigor hori, gehienez, BPGren % 0,1eako izango ahal izango da.
Astelehen honetan lortutako akordio hau martxoaren 1ean eta 2an sinatu beharko dute 25 herrialdeek.
Erreskaterako fondo berriari, babesa
Era berean, EBko kideek uztailaren 1etik aurrera indarrean jarriko den erreskaterako fondo berria ere adostu dute. Itun fiskala sinatu duten herrialdeentzat bakarrik egongo da indarrean.