Ekonomia -
Urtarrileko datuak
Langabezia EAEn eta Nafarroan igo da gehien
EAEn % 7 egin du gora langabeen kopuruak urtarrilean, eta Nafarroan, berriz, % 6,82. Espainian, langabezia % 4 igo da batez beste.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoa urtarrilean langabezia gehien igo den erkidegoa izan da, 10.473 langabe gehiago zenbatu ziren, hau da, % 7,2ko igoera jasan du. Ondorioz, guztira 155.867 pertsona daude langabeziaren zerrendan izena emanda.
Urtetik urterako datuei erreparatuz gero, 2011ko urtarrilean baino 12.749 pertsona gehiago daude EAEn lanik gabe, % 8,91 gehiago, alegia.
Lurraldeka, Bizkaian izan da igoerarik handiena urtarrilean; 5.767 pertsonak eman dute izena Lanbideren bulegoetan, abenduko datuekin alderatuz gero, % 7,04 igo da kopuru hori. Ondorioz, egun, guztira, 87.663 pertsona daude lanik gabe bertan.
Gipuzkoan 2.857 pertsona geratu dira urtarrilean lanik gabe (% 6,95 igo da lanik gabe daudenen kopurua), eta, ondorioz, 43.987 langabe daude bertan. Araban, berriz, 1.849 pertsona zenbatu dituzte urtarrilean langabeen zerrendan; 2011ko abenduan baino % 8,27 gehiago.
Langabezia Nafarroan
Nafarroan 3.203 pertsona gehiago geratu dira lanik gabe urtarrilean, iazko abenduarekin alderatuz % 6,82 igo da kopurua. Eta, jada, guztira 50.149 langabe daude, hala jakinarazi du Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioak.
Azken 12 hilabeteetan, 4.999 pertsona gehiago geratu dira lanik gabe Foru Erkidegoan, hau da, % 11,07 igo da iazko datuekin alderatuta.
Sexuari erreparatuz, Nafarroan 25.591 emakume eta 24.558 gizonezko daude lanik gabe. Adinari dagokionez, berriz, 5.305 pertsona, 25 urtez azpikoak dira.
Langabezia Espainian
2012ko urtarrilaren amaieran, Estatuan, ia 4,6 milioi langabe zenbatu dira. Hilabete horretan 177.470 pertsona gelditu dira lanik gabe, % 4 igo da joan den abenduko datuekin alderatuz gero, hala jakinarazi du Enplegu eta Gizarte Segurantza.
Guztira, 4.599.829 langabe zenbatu dira urtarrilean, Espainian.