Ekonomia -

Kanpoko merkataritza

EAEko esportazioak % 24 hazi dira lehen seihilekoan

12.466 milioi eurora iritsita, esportazioen kopurua 2019ko ekainetik gertu dago dagoeneko.

Bilboko portuko artxiboko irudia.
Bilboko portuko artxiboko irudia.
Bilboko portuko artxiboko irudia.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko esportazioek % 23,9 egin dute gora aurtengo lehen seihilekoan, 2020ko epe berarekin alderatuta, eta 12.466 milioi eurora iritsi dira; kopuru hori 2019ko ekainean erregistratutakotik gertu dago, pandemiaren aurretik.

Inportazioek, aldiz, 9.701 milioiko balioa izan dute urtarriletik ekainera, 2020an baino 1.867 milioi gehiago (+% 23,8). Horrek 2.765 milioiko saldo positiboa eta % 128,5eko estaldura-tasa eman du, hau da: Euskadik inportatzen duena baino gehiago esportatu du, eta tasa horrek EB27ko herrialde gehienak gainditzen ditu.

Produktu motaren arabera, esportazio ez-energetikoak izan ziren nagusi, eta 2.420 milioi euro gehiagoko hazkundea lortu dute urte batetik bestera. Aldiz, produktu energetikoetan 14,6 milioi gutxiago esportatu dituzte.

Bien bitartean, inportazioetan, produktu energetikoak % 17,7 hazi ziren eta ez-energetikoak, berriz, % 25,4.

Alemania izan da euskal esportazioen helmuga nagusia, esportatutako guztien % 16,8rekin; ondoren Frantzia (% 16), Erresuma Batua (% 6,7), Ameriketako Estatu Batuak (% 6) eta Belgika (% 5,4) izan dira. Bost herrialde horiek EAEk kanpora egindako salmenten erdia bildu zuten.

Gehien hazi zen jarduera siderurgia izan da (+% 31,7), aurreko urtean esportatutakoa 318 milioi eurotan gainditu eta 1.325 milioi eurora iritsi baita.

Bolumenari dagokionez, motordun ibilgailuen fabrikazioa izan da gehien esportatu dena (2.798 milioi eta totalaren % 22,4); % 28 hazi da azken seihilekoan.

Petrolio-olio finduen (-% 9,5) eta soldadurarik gabeko hodi eta profil hutsen esportazioak baino ez dira murriztu (-% 29,5).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza