Ekonomia -
Kontrol saioa Legebiltzarrean
Etorkizun hurbila 'bermatuta' dagoela adierazi du lehendakariak
Patxi Lopezek berretsi du ez dagoela porrot arriskurik eta altxortegiaren egoera "guztiz normala" dela.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak adierazi duenez, egungo egoera ekonomikoa "egokiena ez bada ere", "bermatuta" dago "etorkizun hurbilari zentzuz aurre egin ahal izatea".
Eusko Jaurlaritzako buruak Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Gobernurako kontrol saioan, Euskadiko finantza egoerari buruzko galderei erantzunda. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Euskadi "porrot egiteko zorian" egon litekeela ohartarazi eta gero etorri dira galderak.
Horren ildotik, Lopezek berretsi du EAE ez dagoela porrot arriskuan, eta "altxortegiaren egoera guztiz normala" dela.
"Kajoian [ordaindugabeko] fakturak ez dituen erkidego bakarra gara, eta hornitzaileei inork baino azkarrago ordaintzen diegu", nabarmendu du.
Lopezek boterea lotzeko helburuan denak ez duela "balio" ohartarazi dio Urkulluri, eta Jaurlaritza ahultzeko xedez "herrialdearen sinesgarritasunarekin jokatu" izana egotzi dio.
Lehendakariak arduratsu jokatzeko dei egin du, eta EAJri eta PPri erreforma fiskala adostea eskaini die, zerbitzu publikoak bermatzeko.
Lopezen aburuz, Urkulluren adierazpenak ez ziren "egokiak" izan, ez baitatoz bat "errealitatearekin" eta ez baitute sortzen "herrialde honek behar duen konfiantza".
Aurreikuspen okerra
Lehendakariak azpimarratu du lehentasuna oinarrizko zerbitzuak sostengatzea dela, hezkuntza eta osasuna kasu, eta Carlos Aguirrek EAJrekin eta PPrekin izan zituen hizketaldiak helburu horren baitan kokatu ditu.
Halaber, diru-sarreren aurreikuspenen okerra Foru Aldundiei egotzi die, "gaizki" kalkulatu baitzuten.
Iruzur fiskala
Bestalde, iruzur fiskalari buruz UPyDk egindako galdera bati erantzunda, Lopezek azaldu du Eusko Jaurlaritzak txosten juridiko bat eskatu duela Bizkaiko Aldundiak ezetz esan diezaiokeen Gasteizko Gobernuarekin zergadunen datuak partekatzeari.
Izan ere, Harmonizazio Fiskalaren Legeko 13. artikuluak zergadun guztien informazioa partekatzera behar ditu erakunde guztiak.
Gogorarazi duenez, Zerga-Kideketarako Saila azaroan batzartu zenean, Bizkaiko Aldundiak ez zuen beharrezkotzat ikusi iruzur fiskalari aurre egiteko. lantalde bateratu bat eratzea.
eitb.com zuzenean streaming bidez eskaintzen ari da Legebiltzarreko kontrol saioa.