Ekonomia -
Kontratu informatikoak
EAEko Auzitegi Nagusiak Arabara bidali du Justiziako kontratuen auzia
Joan den asteartean, Idoia Mendiak jakitera eman zuen 2000. eta 2009. urteen artean "irregulartasun larriak" eman zirela Justizia Sailean sinatutako zenbait informatika kontraturekin.
Erredakzioa
Juan Calparsoro Euskal Automonia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak Arabako Fiskaltzari bidali dio Eusko Jaurlaritzak antzemandako ustezko legez kontrako kontratu informatikoen auzia; izan ere, Calparsororen hitzetan, Arabako Fiskaltza da auzia ikertzeko eskuduna.
Joan den asteartean, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman zuen 2000. eta 2009. urteen artean "irregulartasun larriak" eman zirela Justizia Sailean sinatutako zenbait informatika kontraturekin, Joseba Azkarragak (EA) Saila zuzentzen zuenean, hain zuzen. 23 milioi euroko irregulartasunak aurkitu dituzte.
Eusko Jaurlaritzak txosten bat bidali zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari; bertan, burutu gabeko kontratuak sinatu eta ordaindu zirela salatzen zuen Jaurlaritzak; halaber, horietako batzuk hasi ere ez direla egin eta beste batzuk behin baino gehiagotan ordaindu direla salatzen zuten.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak Arabako Probintzia Fiskaltzari bidali dizkio auzi horretako eginbideak, bera baita "auzi hori ikertzeko eskumena duena".