Ekonomia -

Euskal Finantzen Kontseilua

Foru aldundiek uste baino mila milioi gutxiago bildu zuten 2011n

2011ko Aurrekontuak egiteko Euskal Finantzen Kontseiluak urrian egin zituen aurreikuspenen arabera, diru-bilketa 12.500 milioi eurokoa izango zen, baina azkenean 1.000 milioi euro gutxiagokoa izan da.

Carlos Aguirre, Ekonomia sailburua. Argazkia: EITB.
Carlos Aguirre, Ekonomia sailburua. Argazkia: EITB.
Aguirrek onartu du 2011n bildutakoaren datuak ez direla onak

01:46

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko foru aldundiek 11.480 milioi euro bildu zituzten iaz, espero baino mila milioi gutxiago, eta 2010ean bildutakoa baino 219 milioi gutxiago.

2011ko Aurrekontuak egiteko Euskal Finantzen Kontseiluak urrian egin zituen aurreikuspenen arabera, diru-bilketa 12.500 milioi eurokoa izango zen, baina azkenean 1.000 milioi euro gutxiagokoa izan da.

Azkenean, EAEko ogasunen 2011ko diru-sarrerak 11.480 milioi euroan geratu dira, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak gaur adierazi duenez. Ildo horretan, aurreikuspenak egiterakoan zuhurrago jokatu behar izan zutela esan du Aguirrek.

Euskal Finantzen Kontseiluak (Eusko Jaurlaritza eta hiru foru aldundiak biltzen dituena) behin betiko diru-bilketaren datuak onartu ditu gaur.

Bilera bi orduz luzatu da, eta ondoren Aguirrek hedabideen aurrean hitz egin du. Bertan, bilketaren itxierako datuak ez direla onak onartu du.

Horren arrazoi nagusia 2010eko egoera ekonomikoa krisiaren amaiera zela da, baina aurreikuspen hori ez zen bete eta egoera larriagotu egin zen 2011ko bukaeran.

Besteak beste, "zentimo sanitarioa" izenekoaren aukera indarrean sartzea eta iruzur fiskalaren aurkako borroka eguneko gaien zerrendatik kanpo utzi dituzte.

Bestalde, egoera ekonomiko zaila dela eta, zergak ordaintzeko atzeratzeak onartu zizkieten hiritarrei EAEko ogasunek; guztira, 550 milioi euro atzeratu ziren, Aguirreren arabera.

Adostutako datuen arabera, Arabak 1.328 milioi euro emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiak 3.975 milioi eta Gipuzkoak 2.612 milioi euro. 2012rako 12.217 milioi euro biltzea aurreikusi dute.

Diputatuen ustez, egoera "ez da ona"

"Egoera ez da ona", onartu du Martín Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, bileraren ondoren egin duten agerraldian.

Javier de Andres Arabako agintariak esan du 2012. urtean gertatuko denaren aurrean "prest" egon behar direla. Azken momentuan "zuzenketak" egin behar ez izatea espero du De Andresek, ondorioak "oso mingarriak" direlako.

Ibone Bengoetxea Eudeleko presidentea ere bileran izan da (entzule modura joan da). Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen egoera Foru Aldundien antzerakoa dela nabarmendu du. Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak ez ditu kazetarien galderak erantzun nahi izan, Jaurlaritzari "errespetua erakusteko" eta "ez gaudelako eztabaida foro batean". Hala ere, bihar agerraldia egingo du hedabideen aurrean gaurko bilera baloratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea