Ekonomia -
Gobernuaren neurriak
Finantzen erreforma onartu dute oposizioaren babes zabalarekin
PSOEk, CiUk, Coalicion Canariak eta UPNk alde bozkatu dute. Banketxeek 52.000 milioi euro gehiago ordaindu beharko dituzte higiezinen merkatuaren arriskuari aurre egiteko.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak finantzen erreforma onartu du gaur oposizioaren babes handiarekin, izan ere, PPz gain, PSOEk, CiUk, Coalicion Canariak eta UPNk alde bozkatu dute. Bertaratutako 337 diputatuetatik 303k aldeko botoa eman dute, 28k kontrakoa eta 6 abstenitu egin dira. EAJren bost diputatuak abstenitu egin dira.
Finantza sektorearen saneamendurako erret lege dekretuarekin, banketxeek 52.000 milioi euro gehiago ordaindu beharko dituzte higiezinen merkatuaren arriskuari aurre egiteko.
Erret dekretua ez dute premiazko prozedurarekin onartuko, botazioan parte hartu duten 336 diputatuetako 183 kontra agertu direlako.
CiUk eta EAJk eskumenak ez urratzea eskatu dute
CiU eta EAJ finantzen erreformaren alde agertu dira orokorrean, baina erkidegoen eskumenak ez dituela urratuko hitz eman dezala eskatu diote Gobernuari.
Erreformak Estatuari ematen dio fundazioen kontrola jatorrizko banketxeen jarduera nagusiki erkidegoetatik kanpo egiten badute.
Horrek ia kutxa guztiei eragingo lieke, negozioa erkidegoetatik harago zabaldu dutelako ia denek.
Azkenean, De Guindosek hitz eman du erret dekretuaren testua aldatuko dutela aipatu eskumenak urratu ez daitezen, izan ere, ez omen dago arazorik aldatzeko eta inoiz ez omen dute eskumenak urratzeko asmoa izan.