Ekonomia -

Herri Kontuen Euskal Epaitegia

HKEPak bere salaketak berretsi dituela azpimarratu du Aldundiak

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esanetan, errepide batzuen obren kostua % 32 eta % 52 artean handitu ziren EAJ eta Hamaika Bat Foru Gobernuan zeudela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere salaketak berretsi duela azpimarratu du ostiral honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Salaketa horien arabera, Gipuzkoako obra batzuen kostua bidegabe handitu zen 2009an.

Txostena xehetasunez aztertuko dutela esan du Aldundiak ohar batean, eta, emaitzen arabera, ''neurriko erantzuna'' emango diotela ere egoerari.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak kritikatu egin du 2009an, Gipuzkoako Foru Aldundian EAJk eta Hamaika Batek gobernatzen zutenean, obra batzuen kostua handitu izana, tartean AP-1 autobidearenak, eta horrek kontratazio administratiboen arauak urratzen duela gaineratu du.

Epaitegiak Gipuzkoako Fiskalizazioaren 2009ko Txostenean egin ditu adierazpenak.

Bere esanetan, EAJren eta H1!ren Gobernuak "zentzuz bete zuen" 2009ko araudia, baina salbuespen batzuk aipatu ditu, hala nola Aldundiak berak eta Bidegi elkarteak esleitutako errepide obra batzuen kostua % 32 eta % 52 artean handitu izana.

Aurrekontuen desbideraketa horiek eta beste batzuk polemika iturri izan dira azken asteetan, egungo Gobernuaren (Bildu) eta aurrekoaren (EAJ eta H1!) artean.

Bidegiri dagokionez, Epaitegiak esan du AP-1 autobidearen Eskoriatza-Arrasate tartearen obren (106,6 milioi eurogatik esleituta) kostua % 52 hazi zela, "obra osagarriak esleituz eta obretan aldaketak eginez".

Halaber, obra nagusiaren likidazioan (2011ko ekainean onartu zuten) "inolako kontratu aldaketak" babesten ez duen % 22ko igoera izan zela gaineratu du.

Era berean, beste hiru kontratutan % 32ko, % 46ko eta % 53ko igoerak ere jaso zirela aipatu du. Hain zuzen ere, honakoetan: GI-131 errepidearen saihesbidea Donostia eta hernani artean, errepide bereko Urnietako saihesbidea eta GI-2637 errepidearen hobekuntza bat Segura eta Zegama artean.

Andoaingo saihesbidean ere Aurrekontua % 44 handitu zen, eta epeak % 49, betiere Epaitegiaren arabera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zehaztu duenez, Gipuzkoako Aldundiaren zorra 199,8 milioi eurokoa zen 2009 amaieran, eta Bidegirena 500 milioi eurokoa. Bilduren Gobernuaren arabera, zor hori 900 milioira igo da orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea